Gaur eguerdian, Txikitxu-Arrostaitz dantza taldeko txikienek dantza egin dute Erguingo jaietako egitarauaren barruan. 12:00etan hasitako kalejiran, dantzariek auzoko kaleak girotu eta jaietako larunbateko goiza alaitu dute.
Dantza emanaldiaren ondoren, 14:30ean herri bazkaria egingo da Udalpen. Helduen menuan, besteak beste, gula eta otarrainxka entsalada epela, bakailaoz betetako piperrak, txanpinoiak baratxuriarekin eta masailak edo bakailaoa errioxar erara izango dira. Postrerako, hostopila izango da, eta kafea, txupitoa eta edaria ere eskainiko dira. Haurrentzako menuak, berriz, makarroiak tomatearekin, oilasko paparrak patatekin, izozkia eta edaria izango ditu.
Bazkariaren ondoren, jaietako egitarauak aurrera jarraituko du. 15:45ean, umeentzako tailerra egingo da Txatxilipurdirekin; 18:00etan, Thor magoaren emanaldia izango da; 19:00etan, DJ Alexen saioa; eta gaueko 21:00etan, “Txotx gaua” ospatuko da Udalpen. Azken horretan, parte-hartzaileek afaria eraman beharko dute, eta sagardoa doan izango dute.




