Txikitxu-Arrostaitz: “Itzulera Ekitaldia ezberdina baina polita izango da”

0
1256

Iaz Arrostaitzek 50 urte eta Txikitxuk 30 egin zituzten, baina pandemiaren ondorioz, ezin ospatu. Garai hauetan, Sanjoanen eta Santamasen harira, “entseatzeko eta ekitaldietan parte hartzeko aukera gutxi batzuk baliatu ditugu”.

Argazkia: MB artxiboa (2016koa)

Covid garaian Txikitxu-Arrostaitzeko handiek nahiz txikiek ez dute entseatzeko aukerarik izan. Soilik nagusiek jai batzuen harira zenbait entsegu egin ahal izan dituzte.

Hala ere, iazko San Joan Suko parte-hartzea esaterako “oso murriztua izan zen”. “Iazko Santamasetako aukera suertatu zitzaigun eta aukera baliatzea onartu genuen”.

Aurtengo ezohiko Sanjoanetarako ere aukera sortu zaie eta “elkartzea adostu genuen, neurri guztiak hartuta, azken finean Herriaren parte bat delako”.

Horrela, Arrostaitzek bi ekitalditan hartuko du parte, San Joan Suan 23an eta Itzulera Ekitaldian 24an. Jokin Beitiak azaldu ahal izan digu plazako ekitaldian “gure taldeko zortzi bikotek parte hartuko dugula eta beste taldeko seik”.

Monterron parkeko ekitaldiari dagokionez, “bi dantza taldeok parte hartuko dugu, eta hiru pieza dantzatuko du bakoitzak. Ez dira abesti tradizionalak izango, klasikoak izango dira eta denontzat ezagunak”.

Izan ere, “pieza horiek eskaintzeko gogotsu zeuden Arrasate Musikaleko Banda eta Gaiteroak. Guri horiek dantzatzea proposatu ziguten eta guk baietz erantzun genien. Ezberdina baina polita izango da”.

Ekitaldirako “bizpahiru hilabete eman ditugu gure kabuz entseatzen, dantzarion artean ahalik eta kontaktu gutxien izanda, bikotea aldatu barik, kalean entseatzen euririk ezean, musukoekin eta neurri guztiak hartuta. Burbuila moduko batzuk mantendu ditugu”.

Orokorrean “denontzat zailak izatean ari dira 2020a eta 2021a, eta aukera txiki batzuk baliatu ditugu. Ea guztion artean aurrerapausoak ematen ditugun, eta lagun gehiago elkartzen garen bai dantza egiten, baita ikus-entzule gisa ere”.

Bide honetan, iaz Arrostaitzek mende erdi bete zuen eta Txikitxuk 30 urte, baina ezin izan zuten behar bezala ospatu: “Ea biak ala biak ospatzerik ditugun 52. eta 32. urteurrenetan izan arren”. Aupa Txikitxu-Arrostaitz!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen