“Txertorako hitzordua eman diogu arrisku taldeetako pertsonen %26ari oraingoz”

0
543

Gripearen aurkako txertaketa kanpainak aurrera jarraitzen du, eta Debagoieneko ESIk zenbait datu eta dei jakingarri egin ditu:

Zenbat lagunek hartu dute txertoa orain arte Arrasaten?

Arrasateko Lehen Arreta Unitateak Arrasateko eta Aramaioko herritarrei arreta egiten die, eta 1.038 herritarri eman die txertoa urriaren 19ko, asteleheneko, 00:00ak arte. 465 gizon (44’7%) eta 573 emakume (%55’2). Horrek esan nahi du kanpaina hau zuzenduta dagoen herritarren %15ak jaso duela txertoa oraingoz. Kanpaina zuzenduta dago 65 urtetik gorako pertsonei eta arrisku taldeetako pertsonei: EPOC, diabetes, bihotzeko gaixotasunak eta haurdun dauden emakumeak.

Covid-aren ondorioz, zein aldaketa izaten ari dira aurtengo kanpainan?

Osakidetza aurtengo kanpainarako sustatu du gripearen aurkako txertoa hartzeko zita proaktiboa izatea. Urriaren 2an arrisku talde garrantzitsuenei dei egiten hasi ginen, eta pertsona horien %26 baino gehiagori eman diegu hitzordua. Dagoeneko erizaintzarekin urrirako eta azarorako hitzordua hartua duten pertsonei ez diegu deitu, izan ere, hitzordu hori baliatu dezakete txertoa hartzeko. Horrela lortzen dugu eurak zentrotara bitan etorri behar ez izatea. Aipatzekoa da ere zentroarekin harremanetan jartzen diren eta txertorako hitzordua eskatzen duten pazienteei arazo barik hitzordua ematen zaiela.

Jubilatu etxeetan ere txertoa ematen zabiltzate, nola doa esperientzia?

Beste urte batzuetan bezala, Jubilatuen Etxeetara joaten ari gara gure adinekoei txertoa ematera, inguruko auzoetan bizi diren adinekoei. Aurtengo berritasuna da eurei hots egiten ari garela hitzordua emateko, horrela era ordenatu batean joan daitezen, eta pilaketak eragozteko. Adineko pertsona ugari txertoa hartzeko bertaratzen ari direnez, txertaketa gehiago egingo ditugu San Andres, Musakola eta Uribarrin.

Deialdiren bat egin gura diezue herritarrei eta batez ere txertoa jaso gura dutenei?

Garrantzitsua da jakinaraztea ondorengo arrisku taldeetako pertsonek (osasungintzako profesionalak, botikariak barne, langile sozio-sanitarioak, familia inguruko zaintzaileak) bere zentroarekin harremanetan jarriz, hitzordua eskatu behar dutela urriaren 31tik aurrera.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen