Klub zuri-moreak antolatuta, Infantil kategoriako 30 taldek hartu dute parte lehiaketan. Txapeldunordea Eibar izan da eta hirugarren Beasain. Antolakuntzak baloratu du txapelketan “futbolaren inguruan kirol-giro polit bat sortu dugula”.

Jose Luis Ibarguen ‘Txelis’, talde zuri-moreko jokalari izateaz gain, zuzendaritzako kide, laguntzaile eta harrobiko entrenatzaile aritu zen.

Bere omenez, klub honek urtero txapelketa antolatzen du, eta aurten ere hamazazpigarren aldiz hala egin du.

Hortaz, Infantil Txiki kategoriako (2012an jaiotako) mutikoek Mojategin jokatu dute, atzo eta gaur artean. Ondoko taldeek parte hartu dute Mondrarekin batera:

Eibar, Erreala, Osasuna, Alaves, Bergara, Beasain, UDA, Zumaiako, Santutxu, Amorebieta, S.A.N.S.E, Martutene, Vasconia, Galdakao, Mariturrikoak, Danok Bat, Romo, Lagun Onak eta Durango.

Atzo 16 talde berdegunean aritu ziren, eta horietatik guztietatik 8 sailkatu ziren, tartean Mondra.

Gaur 8 talde hauei Ligako 1. eta 2. mailako taldeen (Osasuna, Erreala, Eibar eta Alavesen) filialak gehitu zaizkie lehiaketan.

Gorka Ibarguen eta Iker Lage entrenatzaileen eta Asier Manso entrenatzaile laguntzailaren taldeak lortu du Errealaren aurkako partidua berdintzea.

Tamalez azken minutuan sartutako gola balio barik utzi du epaileak, eta norgehiagoka husna amaitu da.

Bigarren partiduan talde zuri-moreak Beasainen aurka jokatu du eta goierritarrek irabazi dute, gerora txapelketako 3. postua lortu dutenak.
Finala Eibar eta Erromoren artean lehiatu dute, eta erromotarrek penaltietan irabazi dute.

Bestalde, gaur goizean Infantileko 1. mailako txapelketa bat ere jokatu da, 6 talderekin, Txelis Memorialaren harira.

Denera, 300dik gora haurrek egin dute kirola bertan, eta antolaketa lanetan hainbat Mondrako Zuzendaritzako kide, koordinatzaile, jokalari eta entrenatzaile aritu dira.

Sari banaketan Mondrak epaileei oroigarri bana oparitu die, eta jokalari onenaren saria Realeko Lukenek irabazi du. Atezain onenaren saria berriz Eibarko Lukenek, eta aipatzekoa da sari banaketan Txelisen bi semek parte hartu dutela ere.

Klub zuri-morearen izenean Markel Perezek eskerrak eman dizkie “gerturatu diren talde eta familia guztiei”.

Gainera azpimarratu du “txapelketa arazo barik aurrera eraman dela, eta errespetu osoz jokatu dela uneoro. Oso pozik gaude txapelketarekin bai parte-hartzaileen jarreragatik, bai txapelketaren mailagatik, talde oso potenteak tartean”.

Hori guztiari esker “futbolaren inguruan kirol-giro polit bat sortu dugu”, aupa Mondra eta zorionak guztiei!





