Ez da ohiko udaleku formatuan izango, eta ez dio kontziliazio familiar-laboralari erantzungo, bai aldiz herriko haur, nerabe eta euskarak berak behar duten babesari.
Testua eta bideoa: Txatxilipurdi.
Txatxilipurditik, Covid-19ak sortutako ez ohiko egoera dela eta, maiatzaren 25eko egunez plazaratu genuen adierazpeneko ideia nagusiei erreferentzia eginez hasi nahi genuke gaurkoan:
- Hilabete eta erdiz Udalekuak aurrera ateratzeko nahiari konbentzimenduz eutsi, alternatibak bilatu eta aisialdi/hezkuntza sare ezberdinetan informazioa batzen saiatu arren, erakundeen aldetik ez genuen aurtengo udaldian Udalekuak aurrera eramateko irizpide argirik jaso inongo momentuan. Egoera horretan, elkarteak hasierako asmoari eusteko nahikoa berme ez zuelako, Arrasaten antolatzen duen udaleku ireki zein itxiak bertan behera uztea erabaki zuen.
- Elkartea jakitun da inoiz baino behar handiagoa dagoela aurtengo udaldian euskarazko aisialdi hezitzaile batez gozatzeko, konfinamenduak gogor kolpatu baititu haurrak, nerabeak eta baita, euskara ere.
- Hori horrela, egungo egoeran, Txatxilipurdik berak, udalekuen ardura zentrala bere gain bakarrik hartu gabe, ardura hori kolektibizatu eta aurtengo udaldira egokitutako aisialdi eskaintza publiko bat lankidetzan diseinatzeko eskua luzatu zion Arrasateko Udalari. Mahai gaineratutako proposamena honako hauxe izan zen: irailetik ekainera bitartean Txatxilipurdik kudeatzen dituen Udal ludoteka eta gaztetxoko zerbitzuak indartuz herri mailan sor daitezkeen beharrak asetzea uztail osoan zehar.
Hiru aste pasa ondoren, eta Udalarekin hainbat aldiz bildu ostean, egoera ondorengoa da: Udalak, ezezkoa eman dio Txatxilipurdik aurkeztutako proposamenaren osotasunari soilik nerabeen Udaixe programa indartzeko eskaintza onartuz. Eta ez du lankidetzarako beste aukera batzuk aztertzeko asmorik erakutsi. Hau da, ez litzaieke modu integralean adin tarte guztiei aisialdi hezitzaile euskalduna eskaini, 3-12 urte bitarteko haurrak eskaintzatik kanpo geratuko liratekeelako.
Hau horrela, Txatxilipurdi Elkarteko kideok hutsune horri arduraz eutsi eta uztailean zehar herriko haurrei zuzendutako eskaintza luzatzeko asmoa dugula adierazi nahi dugu. Berau, ez da ohiko udaleku formatuan izango, eta ez dio kontziliazio familiar-laboralari erantzungo, bai aldiz herriko haur, nerabe eta euskarak berak behar duten babesari. Gaur egun dauden irizpideak eta gelditzen den denbora kontutan hartuta, haur eta familia guztiei irekia, lan profesionalean oinarritua, komunitarioa eta herrigintzatik bultzatua izango den proposamena luzatuko diogu herriari.
Planteamendu hau garapen prozesuan dago gaur gaurkoz, ondorioz, ezin dezakegu informazio zehatzik eman, hala ere, jakin hobekien egiten dakigun hori sortzera goazela: gozatu, gozarazi eta euskaraz hezi!
Tristea da oso udaletxeak bizkarra ematea etxeko txikienei. Are gehiago pasatu duten guztia pasatu ondoren.
Baina poz handiz irakurri dut Txatxilipurdik ahalegin guztiak egingo dituela hutsune hori betetzeko. Aupa zuek!!
Ez duzue lan erraza izango baina ez zarete bakarrik egongo. Konfinamentuan komunitateak duen garrantziaz jabetu gara eta behar izan ezkero bat baino gehiago prest egongo gara bolondres moduan ahal dugun guztian laguntzeko.
Herritik eta herrirako.
Euskaratik eta euskaraz.
Aurrera bolie!!
Ekimen ederra eta gogorra! imajina dezaket zuen barnean kontraesanez beterikoa baina ausarta eta berritzailea, TXATXILIPURDI beti izan den bezala. Ez da bat ere erraza modu profesionalean borondatez aritzea, nahiz eta horretaz Txatxilipurdik asko dakien, ez da erraza kontratatzen zaituenarekin edo elkarlana egiten duzunarekin desadostasunak publikoki azaltzea, gehiengoak eskutatu egiten ditu.
Baina horixe da elkarteen izaera eta izateko arrazoia, beraz, espero dut herritarron babes osoa nabaritu dezazuela. Lan bikaina egin duzue urte askoan. ARRASATE EUSKALDUN BAT LORTU ARTE!
Ze pena udal gobernu honena, herritik sortutako ekimenekin mesfidati beti. Gainera, Txatxilipurdi elkarteak proposatu dion elkarlanari ezetz esateko arrazoia ezin da izan ekonomikoa, Gipuzkoako Foru Aldundiak bertan behera geratutako udalekuen hutsunea betetzeko diru-laguntzak eman baitizkie Udalei, atzo bertan zetorren albistea Berrian. Jakin nahi nuke Arrasatekoak diru-laguntza horri uko egin dion, jaso egin duen eta jaso badu zer demontre egin asmo duen berarekin.