Txatxilipurdik ‘Komunikazio EzBortitza; Bizi-hizkuntza bat’ liburua aurkeztu du gaur arratsaldean

0
1017

Txatxilipurdi Elkarteak aurkeztu du gaur arratsaldean Arizmendiko Gaztelupe I kastolan Komunikazio EzBortitzaren inguruan euskaraz argitaratu berri duten Marshall Rosenberg-en ‘Komunikazio EzBortitza; Bizi-hizkuntza bat’ liburua. Ekitaldian, Komunikazio EzBortitzean aditu den Nerea Mendizabalek, liburua euskarara itzuli duen Diego Martiartuk eta Txatxilipurdi Elkarteko kideek parte hartu dute.

Txatxilipurdi Elkarteko kideek aurkezpenean azaldu dutenez “euskarazko aisialdi hezitzailean dihardugu lanean, bestelako jendarte bat eraikitzeko ametsean. Harremanak dira gure lanaren oinarria, tresna eta helburua; harremanak haurrekin, nerabeekin, familiekin, eragileekin, lankideekin, udalekin …”

Azpimarratu dutenez “harremanetan begirada jarri eta egunerokoan sortutako beharretatik abiatuta, tresna berrien bila hasi ginen, komunikatzeko, gatazkak kudeatzeko, bizitzarako… eta halako batean Komunikazio EzBortitzarekin topo egin genuen. Lan ildo berri bat ireki genuen elkartean, norbanakoetatik abiatuta baina harremanak modu kolektiboan lantzeko asmoarekin.Bide horretan kokatzen da Marshall Rosenbergen liburu hau euskarara ekartzeko egitasmoa.”

Marshall-en liburuak, Diego Martiartuak euskatatua helburu zehatz bat du, “gatazkak errazago konpontzen hasteko; nahi dena exijentziarik gabe eskuratzeko; besteen beharrak entzuteko; harreman pertsonalak eta profesionalak indartzeko, eta norbere ahalmenari ahalik eta etekinik handiena ateratzeko.”

Aurkezpenean Komunikazio EzBortitzean aditu den Nerea Mendizabalek parte hartu du. Aurkezpenearen bukaeran azaldu duenez “liburu ugari daude Komunikazio EzBortitzaren inguruan, Marshall-erenak ere, baina filosofia hori adibideetan jasotzen duen libururik osoena hau da, gozotasun puntu bat helarazi nahian ere. Gatazkak errazago konpontzen hasteko; nahi dena exijentziarik gabe eskuratzeko; besteen beharrak entzuteko; harreman pertsonalak eta profesionalak indartzeko, eta norbere ahalmenari ahalik eta etekinik handiena ateratzeko.”

Aurrerantzean, Txatxilipurdi Elkartearen eskutik Komunikazio EzBortitzaren metodoa euskaraz ezagutzeko aukera izango dugu, euskaratik sortutako harremanetan ere eraldaketan sakontzeko.

Liburua eskuratzeko bideak:

  • Txatxilipurdiko bulegora gerturatuz (Nafarroa etorbidea, 23, 1.solairua, Arrasate).
  • 943 79 54 46 telefonora deituz eta zure eskaera eginez.
  • txatxilipurdi@txatxilipurdi.eus helbidean zure eskaria eginez.

Txatxilipurdin 20 euroren truke egongo da liburua salgai, etxera bidaltzea nahi izanez gero 22,50 euroren truke.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen