Gaztedi gasteiztarren aurka jokatuko dute Ligako finala larunbatean, 15.30ean hasita, Zarautzen
Denboraldian zehar jokatutako 17 partidetatik 15 irabazita, txapela kentzeko denboraldia osatu dute Arrasate Rugby taldeko neskek. Larunbat honetan, ordea, kurtsoko partidarik garrantzitsuena jokatuko dute, arratsaldeko 15.30ean hasita, Zarautzen, Gasteizko Gaztedi taldearen aurka. Saria ez da nolanahikoa, Ligako finala izango baita jokoan.
Urgozo eta Elorriorekin batera osatutako Geurea RT-k nagusitasunez lortu zuen pasa den igandean finalerako txartela, Mojategin jokaturiko partidan La Unica iruindarrei 37-10 gailenduta. Pilatutako konfiantza primeran etorriko zaie Joseba Zabalaren neskei, parean izango duten erronka txapelaren garrantzia bezain handia izango baita. Ezbairik gabe, Gaztedi izan da, orain arte, txapelketako talderik sendoena eta arrasatearrek denboraldian zehar pilatutako bi porrotak arabarren aurka eman dira. Gaztediko neskek ligan jokatutako 14 partiduetatik 13 irabazi dituzte, orotara 62 puntu batuz, bigarren sailkatu Geurea RT-k baino 18 gehiago. Baina, Ligako garaikurra partida bakarrera jokatzeak aukerak asko berdintzen ditu eta esperantza horrekin bidaiatuko dute Geurea RT-ko neskek.
Gainera, jokalari arrasatearrak ez dira bakarrik egongo Zarautzen, herritik eurak animatzera joateko autobusa antolatu baita, taldearen leloak dioen bezala «Danon ARTien ez bada, ez dalako!». Animo neskak!




