Erizaintzako laguntzaile arrasatear honek, Miren Alonsok, azaldu digu “lan eta egoera oso gogorrak daudela egun hauetan bereziki” Gasteizko erietxean. Era berean, salatu du Administrazioak ez duela garraio publiko nahikorik jartzen Arabako hiriburuan lan egiteko.
Argazkia: Miren Alonso.
Arrasatear honek Erizaintzako laguntzaile gisa lan egiten du Txagorritxuko Ospitalean, dialisien unitatean.
Beraz, “arrisku talde bateko pazienteekin lan egiten dugu, eta gaur esaterako paziente bat koronabirusa duela jakin dugu. Egoera oso gogorra da”.
Gaixotasun horretaz kutsaturiko “gero eta pertsona gehiago datoz Txagorritxura, baina ez dago leku nahikorik eta maskarilak esaterako arrazionalizatu behar ditugu”.
Ospitaleko “solairu bat baino gehiago koronabirusaz gaixoturiko pertsonaz beteta daude. UCIko egoera penagarria da. Birusa gu kontrolatzen dabil, alderantziz izan beharrean”.
Eusko Jaurlaritzak “murrizketak egin izan ditu, baina ondoren ez ditu murrizketak zuzendu, eta ondorioz material eta pertsonal nahikorik ez ditugu Txagorritxun”.
Arrasateko lagun honi galdetu diogu ea nola sentitzen dituzten herritarrek konfinamenduan etxeetako balkoietatik helarazten dizkieten txaloak:
“Animo ugari ematen dizkigu, babestuak sentitzen gara, eta eskertzeko moduko keinu bat da, eskerrik asko!”.
Era berean, estimatzen du “etxean geratzen ari den jende guztiaren esfortzua. Etxean geratzeko garaia da”.
Ordea, konfinamenduko baldintzak betetzen ez dituztenen “jarrera oso berekoia da. Ohartu behar dira agian eurak kutsaturik daudela eta beraz kalean dauden beste pertsona batzuk kutsatu ditzaketela edota dagoeneko kutsatu dituztela”.
Aurrera begira, “nik uste egoerak okerrera egingo duela datozen bi asteetan behintzat, une oso zailak etortzear dira, baina espero dugu egoerak ahal bezain pronto hobetzea”.
Era berean, administrazioak garraio publikoetan egindako murrizketen ondorioz, “lanera joateko autobus barik utzi gaituzte. Arrasatetik Gasteizera joateko lehen busa 9:00etan da, baina nik lanera 8:00etan sartu beharra daukat”.
Era berean, Arabako hiriburutik hona itzultzeko “azken autobusa 21:00etan irteten da, baina langile batzuk lanetik 22:00etan irteten gara. Jaurlaritzari, Aldundiari,… eskatu diet lanera joateko eta lanetik itzultzeko autobus zerbitzu egokia”.
Egoera horretan, “norberak alternatibak bilatu behar ditu, batzuetan senarrak kotxez eraman ahal nau, beste batzuetan lagun batek, baina ez beti”.
Horregatik, Arrasatetik Gasteizera kotxean joateko dei bat egin du Arrasate Opina-ren bitartez. “Hala ere, ez da erraza norberaren kotxea konpartitzeko prest dagoen norbait aurkitzea”.
Izan ere, “orain koronabirusaren aurkako neurri bezala, kotxea partekatuz gero, pertsona bat ibilgailuaren aurrealdean eta bestea atzean joan behar dutelako. Gainera, norbaiti eskatzen badiozu kotxean Txagorritxura eramatea, pertsona horrentzat ez da ideia erakargarria”.
Horren guztiorren ondorioz, behar bezalako garraio publikoa beharrezkoa da.