“Twitch plataforma oso lagungarria izan da guretzat”

1
664

Zuzeneko emanaldien online plataforma asko hazi da azken hilabeteotan, eta aukera bikaina da zaleek etxetik kirolez gozatzen jarraitzeko. Horregatik, Ointxe! edo Mondrate bezalako taldeek euren partidak eskaini dituzte Twitchen bidez, nahi dutenek liga jarraitzeko aukera izan dezaten. Plataforma hori nola erabiltzen ari diren eta zer onura dakarzkien galdetuta, eduki horiek zuzenean eskaintzeko arduradun batzuekin hitz egin dugu.

Ointxe saskibaloi taldeko arduradunek aitortu dutenez, Twitchek aukera eman die harago joateko eta partidak emateko beste modu bat eskaintzeko: “Pandemiaren aurretik zuzeneko emanaldiekin hasi ginen, gure zaleek etxetik kanpo jokatzen ziren partida garrantzitsuak jarraitu ahal izateko. Facebooken hasi ginen, eta gero, gure zerbitzua eskaintzeko plataformarik onenen bila, Twitchera iritsi ginen. Nola funtzionatzen zuen ikusteko esperimentu gisa hasi zen gaia, eta, azkenean, 200 bistaratze baino gehiago lortu ditugu gure azken partidan. Jende askok esan digu¬† asko gustatzen zaiela etxetik gure partidaz gozatu ahal izatea. Hori egin nahi dutenek Twitcheko ‘Ointxetb’ kanalaren bidez konektatu eta ikusi besterik ez dute egin behar. Emanaldiek, gainera, partida jarraitzen laguntzen duten bi komentarista dituzte “.

Arduradunen esanetan, hauxe da liga arraro hau emateko aurkitu duten sistemarik onena: “Guretzat plataforma oso lagungarria izan da aurten. Ez dakigu nola amaituko den liga. Ezta amaituko dugun ere. Horregatik, gure zaleei gertatzen ari dena jarraitzeko modu bat eskaini ahal izatea funtsezkoa da”.

Hala ere, askotan euren lana zailtzen duten arazo tekniko batzuekin topo egin dute: “Egia esan, emanaldiek Internet asko behar dute eta Iturripeko kantxan eskaintzen zaigun Wifia ez da nahikoa. Aurreko partidetan, emititzeko, telefonoaren datuak erabili ditugu, baina horrek kostu ekonomiko handia dakarkigu, eta, beraz, etorkizunean zerbitzu hori hobetu ahal izatea gustatuko litzaiguke”.

Mondrateren kasuan Igor Murgoitiorekin hitz egin dugu. Bertako jokalaria izateaz gain, une honetan Twichen bidez taldeko partiduak emateaz arduratzen da. “Orain arte ez dut jokatu Covid-a dela eta. Jokalari batzuek lanean ari gara, eta konfinamenduak egiteko zailtasunak ditugu. Egoera ikusita, partiduak grabatzeko nire burua eskaini nuen”.

Murgoitiok azaldu duenez proiektua martxan jarri zuten, “azken finean gu laguntzailetik bizi egiten gara, eta publikoak partiduetara joan ezin badu, nola edo hala publizitatea egin behar diegu. Twich plataforman partiduak eskainita agerian daude. Zaleek partiduak ikusteko modu bikaina da.”

Tripode bat erosi zuten, eta telefono mugikorrarekin partiduak ematen dituzte. Murgiotiok azaldu dutenez oso harrera ona izan du ekimena. Mondratek zale fidelak ditu, eta partiduak jarraitzeko gogo handia dago. “Lehenengo partiduak jende asko ikusi ditu, egia esanda tabernak itxita eta harreman sozialak egiteko egon diren galerekin gure partiduak asko jarraitu dituzte. Tabernak zabaldu zirenetik eta eguraldia onarekin, ikusleak jaitsi egin dira. Larunbatetan arratsaldeko 18:00etan jokatzen dugu, eta ordu ez oso egokia da etxean egoteko.”

40 edo 50 konexio izaten dituzte, eta beste talde batzuk Youtube eta Instagramen bidez partiduak ematen ari zirela ikusita animatu ziren. “Horrela ere gurasoak eta beste jarraitzaileek partiduak ikusteko aukera dute.”

Momentuz Euskal Ligako taldeko partiduak ematen dituzte, Gipuzkoako ligak bertan behera gelditu direlako, baina ekimenak izan duen arrakasta ikusita beste mailako partiduak emateko prest daude. “Ikusi behar dugu nola antolatu. Momentuz fitxa dutenok bakarrik egon dezakegu kantxan, epaileek ez zaie gustatzen harmailetan kanpoko inor egotea.”

Iruzkin 1

  1. Ointxe, mesedez zoom erabili nozbaitxen, … Batzuetan jokalarien aurpegiak tiro libretan, markagalluari (5 minutu galtzen baduzu ikusten, ez zara enteratzen nola doien partidua), …

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen