“Arazo estruktural baten aurrean gaudela” berretsi du Arrasateko Mugimendu Feministak, eta horren aurrean “osasungintza, hezkuntza eta justizia publiko eta unibertsalak” aldarrikatu ditu.
Arrasateko Bilgune Feministak, Arrasateko Neska Gaztiak eta Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak deitu dute gaurko bilkurara.
Ekitaldiak irmoki salatu du Sara Yaregiren aurkako hilketa matxista, eta berretsi du “arazo estruktural baten aurrean gaudela. Gizarte osoaren arazoa den hau”. “Nazkatuta gaude behin eta berriz berbera oihukatzeaz, ez gara isilduko”.
Aurreikusi du 2022a ere “ez dela urte erraza izango”, eta horren aurrean “baliabideak eskatuko ditugu instituzio publikoetan”. Gainera, “alderdi ezberdinetatik lan egin behar dugu denok batera”.
Mobilizazioak exijitu ditu “osasungintza, hezkuntza eta justizia publiko eta unibertsalak”. Izan ere, “babestu behar gaituztenen joko-arauak berriro porrot egin du”.
Era berean, “zerbitzu publiko osasuntsuak eta biolentziarik gabeko espazio seguruak behar ditugu, pairatzen dugun biolentziak erreproduzitzen jarrai ez dezan”.
Mobilizazioak mezu baikorra plazaratu du: “Denon artean lortuko dugu. Borroka hau geldiezina da”, hain zuzen “feministok gizarte hobeago batean sinesten dugulako”. “Gora borroka feminista!”.