Trikitixaren doinuek Arrasateko kaleak bete dituzte Hauspo Egunean [argazki galeria eta bideoak]

0
1434

Hauspo Eguneko ospakizunek gaur jarraituko dute Etoile Musette eta Faltriqueira taldeen kontzertuekin.

Ibai-Artek eta Arrasate Trikitixa Eskolak antolatuta, Hauspo Eguna berriz ospatu zen. Arrasate Trikitixa Eskolako ikasleek eta irakasleek Kulturolako egoitzatik Herriko plazara egin zuten kalejirarekin hasi zen arratsaldea.

Herriko plazan, ikasleek eta irakasleek interpretatutako abestiez gozatzeaz gain, txikienek Txatxilipurdik jarritako jolas guneaz gozatu ahal izan zuten, taloak dastatu eta panderoko artisau baten lana ikusi ahal izan zen. Euskaraldiko lagunak ere bertan egon ziren kamisetak, jertseak, poltsak… saltzen.

Ohiko Trikigin txapelketa ere ez zen falta izan. Aurten Arrasateko 5 tabernak hartu zuten parte: Dublin, Monte, Kajoi, Itzala eta Garibai. Aurtengo irabazlea Monte Taberna izan zen.

Eguna amaitzeko Xabier Zabalak eta Igor Torrek Sine Die proiektu berria aurkeztu zuten Portaloian. Kontzertuak trikitixa zale ugari bildu zituen. Neomakeko Irati Gutierrez ere izan zuten lagun, eta oholtzara igo zen.

Gaurko egitaraua

Hauspo Eguneko ospakizunek gaur jarraituko dute, Herriko plazan egingo diren hiru kontzerturekin. Belgikako Etoile Musette taldeak txotxongilo ikuskizuna eskainiko du eta ondoren kontzertu bat. Gauean Faltriqueira talde galiziarrak Herriko plazan joko du. Taldeko hiru kidek uda hasieran Pandero Jaialdian parte hartu zuten, baina oraingoan taldea osorik ikusteko aukera izango dugu.

  • 18.00: Etoile Musette, txontxongiloekin ikuskizuna Herriko plaza.
  • 20.00etan: Etoile Musette Herriko plaza.
  • 23.00: Faltriqueira Herriko plaza.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen