TREBA gazteak prestakuntza ekimen bat da, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Udaletako Gazteria sailen elkarlanean sustatzen dutena.
16-30 urte bitarteko gazteei beren garapen prozesuan lagunduko dien prestakuntza-eskaintza da. Beren emantzipazioko, garapeneko, hazkunde pertsonal eta kolektiboko prozesuak sustatzeko baliabideak eskainiko dira aditu gazte batzuen bidez. Gazteek, beraiek aitortzen dutenez, bizitzan moldatzeko oinarrizko gaitasun batzuetan gabezia nabarmenak dituzte, eta gaitasun horiek funtsezkoak dira bizitzako aldaketei aurre egiteko eta ekimenak sortzeko.
Hezkuntza formalak zenbait gaitasun ematen ditu, baina beste batzuk bizitzako beste esparru batzuetan lortu behar dira. Hezkuntza ez formalak gaitasun hauek lortzeko aukerak eskaintzen ditu, eta gazteen garapen pertsonalean eragin handia izan ditzakete. TREBA gazteak ekimenak ahalduntze eskola izaera du eta hausnarketa, autonomia eta gazteen eskubideak sustatu nahi ditu, bizitza osotasunez gozatzeko.
TREBA gazteak programaren barruan, bi hitzaldi antolatu dira Arrasaten. Lehenengoa otsailaren 7an izan zen, ‘Zure burua maitatzen ikasi’ izenburupean. Bigarrena astelehenean, martxoak 20, izango da. Hitzaldiaren izenburua ‘Osasun mentala: ikas ezazu ulertzen’ da, eta arratsaldeko 18:00etan hasiko da Kulturateko Jokin Zaitegi aretoan. Hizlaria Ainhoa Urretagoiena izango da, pertsonen eta taldeen eraldaketak ahalbidetzen dituen coach-a.
Ainhoa Urretagoienak azaldu duenez, “osasun ona eta bizi-kalitatea lortzeko helburua ezinbestekoa da gure burua eta gure gorputza zaintzen jakitea. Pixkanaka, osasun mentala zein garrantzitsua den jabetzen hasi gara, eta bada garaia gaiari heltzeko. Tailer honen bidez, elkar hobeto ulertzen saiatuko gara. Hainbat dinamika eginez, autoezagutzaren bideari ekingo diogu, gure osasun mentala hobetzeko helburuarekin. “
Parte hartzeko, aldez aurretik izena eman behar da:
izenemateak.arrasate.eus
BAZ 943 25 20 00