Txirrindulari eta oinezkoentzako zati horrek 690 metroko luzera du, eta San Prudentzio eta Kataide Poligonoa lotzen ditu. Zati hori handitzeko, hobetzeko eta egokitzeko obrek 227.199,19 euroko aurrekontua izango dute.
Testua: Gipuzkoako Foru Aldundia / Argazkia: MB artxiboa.
Gaur goizean egindako Diputatuen Kontseiluak azken oztopo administratiboak ebatzi ditu Kataideko zatiko obrei hasiera emateko. Aipatutako zatia handitzeko, hobetzeko eta egokitzeko lanek 227.199,19 euroko aurrekontua izango dute, eta San Prudentzio eta Kataide Poligonoaren arteko lotura konponduko dute.
Tarte horrek 690 metroko luzera du, eta funtsezko trazadura da Deba bailarako foru ibilbidearen barruan. Kataide eta Arrasate ekialdeko bidegorriaren jarduketa eremuaren artean espaloiak baino ez daude eta ez dago bidegorri zatirik; horregatik, Rafael Romero foru diputatuak azaldu duenez, Mugikortasuneko Zuzendaritzak bidegorria amaitzeko interesa du, bi zatiak lotu ahal izateko.
Kataideko bidegorria handitzeko, hobetzeko eta egokitzeko lanak, hasiera batean 2020rako aurreikusiak, atzeratu egin ziren Mugikortasuneko Departamentuarekin zerikusirik ez zuten gai tekniko eta administratiboengatik, baina arazo horiek konpondu dira dagoeneko eta, beraz, laster hasiko dira zati horretako lanak.
Rafaela Romero Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak adierazi du pozik dagoela eragozpen administratiboak konpondu direlako eta, ondorioz, «laster egingo delako zati hori, eskualdeko bizilagunek mugikortasun jasangarria eta osasungarria izateko aukera izan dezaten, azpiegitura seguru eta irisgarri bati esker».
Era berean, foru-arduradunak nabarmendu du Euskal Herriko Bide Berdean, Arrasate-Mondragón parean, seinaleak eta jarraipen-balizak jartzen hasi direla. Seinaleen hobekuntza horrek 12.000 euroko aurrekontua du, eta Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako Sailak finantzatu du. “Proiektu horrekin, ibilbidea behar bezala seinaleztatzen ari gara, txirrindulari eta ibiltari askori zerbitzua ematen dien bide hori erakargarriagoa izan dadin”.
700 metro eskax badira, horrek esan nahi du Eroski handiaren ingurura gerturatuko dela bidegorri zatia, eta horren ostean ‘animo!’, norberak bere bidea topa dezala, orain arte bezela.
Azken aldian jarri dituzten Euskal Herriko trenaren seinaleen kontura, bi hitz. Kontuan izanda Bergaratik Eskoriatzara doan zatian Arrasateko tartea dela trenbide zahar honen ibilbidea okerren dagoena, lotsagarria da udaletxetik egin dena. Bidea txukundu, egokitu edo hobetu? Bai zera, seinale batzuk jarri eta aurrera! Orain jendeak badaki Arrasate bizikletaz gurutzatzeko zein espaloi, aparkaleku, berriz espaloi, bidegurutze debekatu, bidegorri zati eta berriz espaloi erabili behar dituen. Logika honen arabera, errepidean zulo bat topatuz gero, ez dezatela tapatu, seinale bat jarri eta kitto. Mesedez, utzi adarra jotzeari.