Tourra datorrenez, Arrasateko Gure Eskuk proposamena egiten die herritarrei

0
1492

Beheko testua eta kartela: Gure Esku Dago Arrasate.

Kaixo lagun!

2023ko Frantziako Tourra Euskal Herritik abiatuko dela jakingo duzu honez gero eta, baita, lehen hiru etapak, bere osotasunean, gure lurraldeetan hasi eta amaituko direla ere. Frantziako Tourrak denera 579 kilometro egingo ditu hiru egun horietan. Hiru etapa horietatik batean, uztailaren 2an, Gasteiz – Donostia etaparen baitan gure herria, Arrasate, zeharkatuko dute txirrindulariek.

Tourrari, ongi etorria egingo diote euskal herritarrek eta, Gure Eskutik, Tourrak duen nazioarteko oihartzuna baliatu nahi da Euskal Herria nazioartean proiektatzeko; Europako txoko honetan 7 lurraldez osatutako herri bat dagoela eta nazioartean aitortua izan nahi duena.

Tourrari harrera egingo diogu bai, baina nazioartean Euskal Herria erakutsiko dugu, zalegoaren grinarekin zeresana emanez txirrindulari eta txirrindu zaleen artean. Hau guztia kontuan izanik eta Arrasatek herrigintzan duen eskarmentua baliatuz, herriko eremu ezberdinetako eragileekin elkarlanean, uztailaren 2ko etapari jai kutsu berezia emango diogu; ikurrinez jantziko ditugu kaleak eta euskaraz, gure hizkuntzaz, bazter guztiak busti, merezi duen aitortza nazioartera helaraziz.

Bestetik, nazio mailako Gure Eskutik, inoiz egin den ikurrinik handiena aurkeztuko da eta, horretarako, jada, diru-bilketa bat abian da. Ekarpena egiten duen orok bere burua bertan ordezkatuta ikusiko du; izan ere, ikurrinaren GORRI eta BERDE koloreetan, eragile, talde, elkarte zein norbanakoen IZEN, HITZ edo ALDARRIAK josiko dira. Ikurrinaren ZURIAN, ordea, BASQUES DECIDE-EUSKAL HERRIAK ERABAKI leloa irakurriko da.

Ekarpenak egiteko hiru bide daude:

Itsulapikoa webgunearen bitartez: itsulapikoa.eus
Whatsapp-ez, 644 079 065 zenbakira idatziz.
Kalera aterako ditugun mahaietara hurbilduz:

  • EKAINAK 2 eta 9, ostirala,19:00-21:00. Portaloian
  • EKAINAK 3 eta 10, zapatua, 11:00-14:00. Portaloian

Uztailaren 2an, herria batuz, saretuz eta elkarlanean, Euskal Herriko errepideak hartuko ditugu eta Herri honek bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea lau haizetara zabalduko dugu.

GUZTION ARTEAN LORTUKO DUGU!!!

EUSKAL HERRIA ARRASATETIK MUNDU ZABALERA!!!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen