Topikoak hautsiz, ardo apartsuek egun grisak ere koloreztatzen dituztela ikasi dute Ardo Egunean

0
2650

Ohituta gaudenerako goizegi eta eguraldiak askorik laguntzen ez bazuen ere –ardo apartsuak egun argitsu eta ospakizunekin lotzen ditugu oraindik ere– gaurkoa bezalako giro grisak epeltzeko ere ardo hauek oso egokiak izan daitezkeela ikasi dute Ibai Artek antolatutako Ardo Egunaren baitan Kulturolako aterpera gerturatu direnek. Deialdia arrakastatsua izan da eta 75 pertsona inguruk erne jarraitu dituzte Maider Larrañagak, herriko sommelierrak, eta Toni Perezek, ardo apartsuetan adituak, emandako argibideak.

Publikoari ardo-mota horren aberastasuna, konplexutasuna eta nortasuna hurbiltzeko pentsatutako dastatze gidatua zuzendu dute bi hizlariek eta, saioari esker, hobeto ezagutu ahal dituzte bertaratutakoek apardun-estilo desberdinak, haiek egiteko metodoak eta erreferentzia bakoitza esperientzia bakar bihurtzen duten ñabardurak.

Hautaketak ospe handiko etiketa batzuk bildu ditu, hala nola Gramona Imperial Brut 2019-a, Gramona Innoble Brut Nature Reserva Perpetua 20-a eta Gramona III Lustros 2017 Brut Naturea, beren dotoretasunagatik, ontze luzeagatik eta aparra ulertzeko modu zorrotzagatik erreferentzia ezagunak direnak.

Horiekin batera, protagonismo berezia izango dute lurraldearen balioa indartzen duten gertuko bi proposamenek: Bakion (Bizkaia) egindako Donieneko Apardune Brut Nature eta Aiatik (Gipuzkoa) datorren K5-eko Kilima Ancestral. Bi apardun horiek Euskadik horrelako elaborazioetan gero eta maila handiagoa eta berezko nortasuna duela islatzen dute, freskotasuna, izaera eta ingurunearekiko lotura zuzena emanez.

Ardoek sabelean kalterik egin ez dezaten, mokadutxo goxoez gozatzeko aukera ere izan dute bertaratutakoek.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen