Toledoko Itunaren murrizketen aurkako manifestazioa egingo da zapatuan

0
373

Arrasateko Pentsionisten Plataformak antolatuta, mobilizaziora dei egiten dute Arrasateko Mugimendu Feministak, sindikatu nagusiek, AGAKO elkarteak,… Mobilizazioa 12:00etan hasiko da.

Argazkia: Arrasateko Pentsionisten Plataforma.

Pentsionisten mugimenduak salatu duenez “Toledoko Itunaren gomendioek agerian utzi dute gezur handia dela Gizarte Segurantza publikoa jasanezina dela, eta agerian uzten dute haren funtsak sistema mantentzeaz bestelako helburuetarako erabili direla”.

Era berean, “ofizial egiten da pentsioen igoera KPI errealari lotuta egongo dela, baina gomendio horiek desabantaila ugari dakartzate berekin”.

  • 27/2011 eta 23/2013 legeek sartutako murrizketak finkatu dituzte.
  • Ez dute kontuan hartzen 1.080ko gutxieneko pentsioa bermatzeko beharra, Europako Gutun Sozialak gomendatzen duen bezala.
  • Alarguntza-pentsioari buruzko gomendioek emakume askoren egoera okertuko dute etorkizunean, eta genero-arrakala areagotuko.
  • Etorkizuneko pentsioak murrizteko diseinatutako jasangarritasun-faktorea mantentzen dute.
  • Ez dago argi koefiziente murriztaileak deuseztatzen edo, gutxienez, murrizten direnik 40 urte edo gehiago kotizatu ondoren enplegua galdu zuenarentzat.
  • Pentsio-funtsak sustatzen dituzte, diru-sarrera handieneko pertsonei mesede egiten baitiete zergadun guztien diruarekin.
  • Escriv√° jaunaren asmoa Pentsioen Funts Publikoa sortzea da, baina kudeaketa pribatukoa; ekarpenei zerga-desgrabazioak eginez, ahuldu egiten da Gizarte Segurantza Publikoa, finantzabotereen mesedetan.

Pentsio-sistema publikoaren erreforma, “gomendioek planteatzen duten moduan, kategoriaz baztertu behar da”:

  • Berriz ere alde batera uzten duelako genero-arrakala gainditzea, nahiz eta emakumeek bizitzari, gizarteari eta jarduera ekonomikoari eusteko funtsezko eta ezinbesteko zereginak betetzen jarraitzen duten. Gizarte erdia beste erdiarekiko mendekotasuna finkatzen du.
  • Belaunaldien arteko aldea eta gatazka sortzen duelako, arau eta eskubide desberdinak sortuz. Erreforma honek masaileko bat ematen die erretiratzen hasi diren babi-boomeko belaunaldiei: oraingo ekarpenekin eta urte berberekin, pentsio murritzagoa izango dute.
  • Laneko segmentazioa eta prekarietatea areagotu egingo delako erretiroan. Soldata prekarioak, pentsio prekarioak, diru-sarrera prekarioak.
  • Baina, zalantzarik gabe, erreformaren alderdirik arriskutsu eta pozoitsuena Pentsio Funts Pribatuak sustatzea da. Lana, soldata eta pentsio kontzeptu errealak guztiz kontrajarriak dira funtsa, kapital-errenta, burtsa-espekulazioa eta abarren kontzeptuekin.

Arrasateko aste honetako bilkuran (astelehenean) emakumeen ahotsek ohi baino presentzia handiagoa izan zuten, eta agintariei adierazi gura izan zieten “huts egin diguzuela, baina gure frustrazioak errebeldia bihurtzen jarraituko du”.

Arrasateko manifestazioa, hiriburuetan bezala, zapatu honetan izango da, abenduak 5, eta eguerdiko 12:00etan abiatuko da. Arrasateko Pensionisten Plataformak antolatuta, bertan parte hartzera dei egiten dute:

  • Arrasateko Mugimendu Feminista
  • Arrasateko Etxez Etxeko Zerbitzua
  • Arrasateko LAB, ELA, ESK, STEE-EILAS eta UGT
  • AGAKO

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen