Genozidioaren harira, Arrasateko BDZ (Boikot, Desinbertsio eta Zigorrak) ekimenak dei egiten du TEVA produktuak ez erostera. Hona hemen ezagutzera eman duen testua:
Artxiboko argazkia: LAB / Beheko testua: Arrasateko BDZ.
TEVAren aurkako kanpaina.
Azken 5 hilabeteetan, Al Ahli Arab (sanitarioak genozidioaren aurka) taldearekin batera, herriko farmazia guztietatik pasa gara TEVAren aurkako kanpainaren berri emateko, eta otsailaren 12an egin genuen azken ahalegina farmazia guztiekin hitz egiteko.
Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiegu gurekin hitz egiteko prestutasuna izan duten farmazia guztiei. Hitz egiteko aukera izan dugun guztietan, harrera ona izan dugu, Kontzezino kaleko Juncay farmazian eta Musakola farmazian izan ezik. Bi horietan, ez dute interesik izan guk emaniko argudioak kontua hartzeko, eta euren jarrerarekin argi erakutsi dute ez dutela asmorik genozidioa sustatzen duen TEVA enpresarekin harremanak hausteko.
Aipatutako bi farmaziez gain, beste guztietan erakutsi duten jarrera eta prestutasuna positiboki baloratzen dugu eta kanpainaren hasiera arrakastatsua izan dela uste dugu, gure argudioak entzun dituztelako eta TEVA etxearekin apurtzeko hautua egin dutelako aukera hori zuten farmazialariek.
Baina, zergatik TEVA? Zer da TEVA?
TEVA farmazeutika israeldarra Teva, Tevagen, Ratiopharm, Belmac eta Davur markako farmakoen fabrikazioaren arduraduna da. Munduko sendagai generikoen konpainiarik handienen artean dago, eta milioika dolar sortzen ditu Israelgo erregimen militar eta kolonialerako. Horrela, genozidioa eta apartheid erregimena errazten ditu eta Palestinako apartheid sanitarioaren arduradun zuzena da. Tel Aviven du egoitza eta lau ekoizpen-zentro ditu Israelen, eta legez kanpoko kokalekuetan ere jarduten du, Zisjordanian.
TEVAk lehia desleiala egiten duela ere salatu izan dute. Israelgo gobernuak emaniko laguntzekin, euren farmakoei prezio oso baxua ipintzen diete, eta ondorioz, Palestinar herritarren gehiengoak ezin izaten du beste farmakorik erosi, besteen prezio altuengatik.
2023ko urritik, Israelgo estatuak Gazan genozidioa egiten zuen bitartean, mundu osoan altxa dira TEVAri boikota egitearen aldeko kanpainak. Horien artean “Teva j ‘en veux pas” kanpaina Frantzian, “non à Teva” Belgikan, “Teva, r no grazie!” Italian, “Boikot Teva Israeldar Farmazeutikarik EZ!” Euskal Herrian.
Gure herrira begiratuz gero, TEVA farmazeutikako medikamentuak ez ditugu soilik gure herriko farmazietan: Debagoieneko ospitalean ere erabiltzen dira TEVA etxeko farmakoak. Debagoieneko ESIk (Erakunde Sanitario Integratu publikoak) TEVAri erositakoa azken hiru urteetan honakoa da dirutan: 2023an 2736,16€, 2024an 37.819,86 € eta 2025ean 44.887,33€. Beraz, azken hiru urteetan guztira 85.443,35 € bideratu dira genozidioaren finantzatzaileentzat. Zuzeneko genozidioa, ospitaleen suntsiketak eta osasun langileen hilketak ikusten geunden bitartean, Debagoieneko ESIk TEVAri eginiko erosketak ia 20 aldiz biderkatu ziren.
Guzti honegatik, eta TEVA farmazia etxeak israeldarrak palestinar herriaren genozidioan duen erantzukizun zuzenagatik, Boikot kanpaina honetara batzeko eskatzen diegu herritarrei: ez dezagun kontsumitu TEVAren marken inolako produkturik!
Amaitzeko, Arrasateko BDZtik eskua luzatu nahi diegu Debagoieneko ESIko langileei, eta elkarlanerako eta borroka koordinatu bat abiarazteko proposamena zabaltzen diegu hemendik.
TEVAri Boikot!
Israeli Boikot!
Palestina aurrera!




