Aurretik Arizmendiarrieta plazako monolitoetan lore eskaintza egin zen.
Atzo, irailak 26, 86 urte bete ziren tropa frankistak Arrasaten sartu zirela. Arrasaten kolpe militarraren aurka agertu ziren pertsonek, gizonezkoak zein emakumezkoak edo haurrak, giza eskubideen urraketak jasan zituzten eta, nola edo hala, milaka pertsona zigortu zituzten.
Urteurrena gogoratzeko, Arrasateko Udalak eta Intxorta 1937 elkarteak antolatutako bi ekitaldi burutu ziren. Arizmendiarrieta plazan dagoen fusilatuen omenezko monolitoetan lore eskaintza egin zen. Lore-eskaintzan hainbat gerrako haurrek, frankismoaren errepresaliatu eta biktimen senideek, eta Arrasateko Udaleko alderdi politiko guztietako ordezkariek parte hartu zuten.
Liburuaren 2. edizioa testigantza gehiagorekin
Ondoren, Etxaluze eraikinean ‘Memoria partekatu baterantz. Arrasate 1936-1956, Gerra, Erresistentzia eta Frankismoa’ liburuaren bigarren argitalpenaren aurkezpen ekitaldia egin zen.
2017ko irailean, Memoriaren eta Bizikidetzaren Mahaiak, Arrasateko Udalean ordezkaritza politikoa duten alderdi guztiek osatua, Intxorta 1937 Elkarteari agindu zion memoria bat egiteko 1936-1956 aldian udalerrian gertatutakoari buruz: ‘Memoria partekatu baterantz. Arrasate 1936-1956, Gerra, Erresistentzia eta Frankismoa’.
Liburu honek Intxorta 1937 Elkarteak hainbat hamarkadatan egindako lanak, ikerketak eta bestelako argitalpenak hartzen ditu oinarri. Abiapuntu historikoa da diktadura eta Primo de Riveraren Monarkia erori eta Errepublika ezarri zen garaia.
Udalerriaren historia errekuperatzeko eta gertatutakoa ezagutarazteko asmoz, bigarren urrats bat eman da: liburuaren bigarren edizio bat egin da, 27 herritar testigantza berriekin osatua. Bigarren edizio honek 179 testigantza jasotzen ditu. Liburu honetan ere orain arte argitaragabeko dokumentuak ageri dira. Liburua modu digitalean irakurri daiteke www.arrasate.eus eta www.intxorta.org webguneetan.