Argazkia: Arrasateko Etxez Etxeko Zerbitzua.
Zerbitzu esentziala dela onartu du espainiar Gobernuak, baina Arrasateko 33 langileek baldintza zailetan dihardute. Adineko pertsonak jaikitzen dituzte, dutxatzen dituzte, jaten ematen diete,… baina inbisibilizatutako lan bat da. Eurekin izan gara:
– Zerbitzu esentziala dela onartu du espainiar Gobernuak, baina lan-baldintzak ez dira tamainakoak ezta?
– Martxoaren 27an Eudeletik Udalera maskarillak iritsi ziren, eta guri pasatu zizkiguten, baina maskilla gutxiegi ziren eta erraz apurtzen ziren [goiko argazkian]. Iritsi diren azkenak papera bezalakoak dira, eta erraz apurtzen dira. Koordinatzaileari gehiago eskatu genizkion, baina orduan gehiago ez zeudela erantzun zigun. Udaleko Gizarte Zerbitzutik esan digutenez, saiatuko dira datorren astean maskarilla gehiago ekartzen.
– Zein baldintzatan ari zarete lanean, koronabirusaren arriskuarekin?
– Etxez Etxeko Zerbitzuko langileek eskatzen dugu, eta orokorrean alor soziosanitarioko langileok eskatzen dugu, beharrezkoa dela testak egitea, bai langileoi baita zerbitzuetako erabiltzaileei ere.
Kontuan hartu behar da gu guztiok senideekin egoten garela, eta beraz, senideak ere kutsatzeko arriskuan egon daitezke.
Guk orain lixibarekin garbitzen dugu, baina uste dugu koronabirusaren arriskuarekin, material profesionalagoak jarri beharko lituzketela gure esku. Gainera, ikastarotxo bat eskaini beharko ligukete, egoera berrian gure lana hobeto egin ahal izateko.
– Baldintza horien ondoriozko positiborik izan da?
– Ez dakigu, testak egin ez direlako. Nik Lan-segurtasuneko arduraduna naiz, eta enpresak edota Udalak ez didate horren inguruko daturik eman. Aldundiari ere eskatu diogu guri eta zerbitzuaren erabiltzaileei testak egitea.
– Zenbat langile zabiltzate Arrasateko Etxez Etxeko Zerbitzuan?
– 33 gara, eta greba luzearen ondorioz, gure lan-baldintzak hobetzea lortu genuen, besteak beste, bezero gehiago, lanordu gehiago,… lortu genituen.
Hala ere, koronabirusaren alarmaren ondorioz, Udaleko Gizarte Zerbitzuek gure zerbitzu batzuk kendu dizkigute, erabiltzaileen familia batzuek zerbitzu horiek ez jasotzea eskatu zutelako, arriskuak saihesteko. Guk erabaki hori ulertzen dugu.
Orain gure lanorduak eta baldintzak murriztuta daude, eta Udalak edota enpresak ez digute azaldu horrek zer-nolako eragina izango duen gure soldatetan. Aste santua ate joka dago, baina oraindik ez dugu erantzunik.
Langileak kezkatuta gaude, ERTErik ez da aurkeztu, eta gure ekonomiak arriskuan ikusten ditugu.
Gainera, orain lanak egiteko denbora luzeagoa behar dugu, adibidez erabiltzaileari botikak erosteko ilarak itxaron behar ditugu farmazia parean. Beraz, denbora gehiago behar dugu, baina lanorduak murriztu dizkigute. Urduri gabiltza.
Orain direla egun batzuk erabiltzaile batek sukarra izan zuen, baina zorionez koronabirusaren testean negatibo eman zuen. Hala ere, langileari ez zioten testik egin, eta bakartu egin zuten bere etxean.
– Zerbait gehitu nahi baduzue, aurrera, zuena da hitza.
– Guk batez ere bi pertsona motarekin dihardugu: adineko pertsonak alde batetik, eta buruko gaitzak, elbarritasunak,… dituzten pertsonak bestetik.
Adinekoak ohetik jaikitzen ditugu, dutxatzen ditugu, jantzi, gosaria prestatu, bazkaria eman, afaria, pardelak aldatu,… Lan horietako batzuk gauez egiten ditugu, eta oro har laguntza hori integrala da.
Bestalde, gaitzak edota elbarritasunak dituztenei ere laguntzen diegu, erosketak egiten esaterako, eta kontrol bat eramaten dugu euren onerako. Adibidez pastillak hartzen laguntzen diegu.
Arlo berri bat abiatzen ari gara, egitura gabeko familietako haurrak laguntzeko. Besteak beste, ikastetxera eramaten edota ikastetxetik jasotzen ditugu.
Horien guztien ondorioz, gu etxe ezberdinetan sartzen gara eta bertako familien hutsuneak ikusten ditugu. Hutsune horiek asistenteei jakitera eman dizkiegu, pertsona horien beharrak bete daitezen. Tratu txar txiki batzuk ere ikusi izan ditugu, eta horietaz abisatu dugu.
Esentzialak gara, baina ikusezin egiten gaituzte. Egun gogor hauetan bereziki umore ona jartzen saiatzen gara, erabiltzaileen animoak pizteko. Ez dira gure familiakoak baina oso gertuko sentitzen ditugu.
ELA sindikatuaren oharra: