Telleria labea, Uribe zubia eta Barrenatxo AZErekin bisitatuko dira

0
545

Zeramika labea oso pertsona gutxik ezagutzen dute, Uribarriko zubi historikoa bota asmo dute, eta Barrenatxo historia handiko gunea da. Bisita gidatua Arrasate Zientzia Elkarteko lagunek gidatuko dute. Udalak azaldu du bisitarako plaza guztiak bete direla.

Argazkia: Ondarearen Europako Jardunaldiak.

Bisita gidatu hau kokatzen da Ondarearen Europako Jardunaldien Gipuzkoako egitarauaren baitan. Arrasate Zientzia Elkarteak eta Udalak elkarlanean antolatu dute.

‘Uribarri auzoko ondarea ezagutzen: Telleria labea eta Barrenatxo’ izeneko bisita euskaraz eta gazteleraz aurrera eramango da.

Bisita Arimazubi plazan hasiko da goizeko 10:00etan, eta parte-hartzaileek Iturripera bertaratuko dira, leku horrek ere eduki badaukalako bere historia:

Olandixo inguruan bazegoen iturburu bat, orain Loramendi kalean dagoenetik gorago, eta horregatik leku horri ‘Iturripe’ deitzen zaio. 1945ean Iturripeko zelaia inauguratu zen, eta izen horrekin bataiatu zuten.

Ondoren, Uribe zubi historikora bertaratuko dira, Alecop ondoan dagoen harrizko zubira, XVI. mende ingurukoa. Jaurlaritzak iragarri duenez, zubi hori eraitsi egingo da, Mondragon Unibertsitateak inguru horretan duen egitasmoa gauzatzeko.

Gero, Telleria zeramika labera joango dira, udal-eraikin baten barruan dagoena. Ondare ezezaguna da eta XVI. mende inguruko izan daiteke. 1779ko agiri batean gutxienez aipatzen da, baita 1845eko beste batean ere.

Horren ostean, Barrenatxo errota bisitatuko dute: 1353 urtekoa da Barrenatxo errota zegoen Ibarretako eremu industrialeko lehen aipamen dokumentatua.

Barrenatxo lehenbizi ola izan zen, ondoren errota eta gero produktu ezberdinak ekoizteko tailerra.
Bere jarduera martxan jartzeko, Aramaio errekatik ura hartzen zuen, ubide batetik ura errotarantz bideratzen zen, eta eraikinaren azpialdeko bi arkutatik ura sartzen zen errotara.

Ur horrek, errekara itzuli baino lehen, beste Markulete eta Olia (Oleaga) errotak ere mugiarazten zituen. Ondoren, Aramaio errekara itzultzen zen.

AZEren helburuetako bat da Barrenatxo ingurua industea, eta lur azpian dagoen ubidea, Urdaixena baserritik dihoana, agerian uztea. Bitxikeria bezala, ubidearen beste zati bat egungo errepidearen azpitik igarotzen da.

Zapatuko bisita gidatuan, Barrenatxotik bueltan, Uribarriko elizaren inguruko datu gehiago azalduko dituzte AZEko lagunek, baita ezagutza ugari ibilbidean zehar ere.

Adi! Udaletik azaldu berri dute Osasun sailburuaren abuztuaren 19ko aginduak baimentzen dituen bisitari kopuruak kontuan hartuta bisita gidaturako plazak beteta daudela.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen