Olerki-liburua pandemia garaian idatzi zuenez ’40 poemas encerrados en su propio encierro’ deitzen da. Era berean, ’16 poemas y mil noches de tristeza’ erakusketa egin du. “Nire sorkuntzak kritikoak dira”, “kinka larrian dagoen munduaren” islada.
Goiko irudia: ‘Tatxo’ Talledo / Beheko bideoa: Kulturate.
‘Tatxo’ Talledo duela zortzi urte Tuteran Heziketako irakasle gisa lan egiten hasi zen. Lehenago Fagorren lan egiten zuen, “baina kale gorrian egotean, oposaketak gaindituta nituenez, Tuteran lan egiteko deitu ninduten”.
Zortzi urte horietako lehenengoan Batxilergo Artistikoan hasi zen, Corellan hain zuzen, Tutera ondoko herri batean. “Denetariko makinak zituzten, baita Diseinu gradua ere, eta horiek baliatu nituen ikus-entzunezkoa egiteko”.
Bideo landu hau atzoko Kulturateko aurkezpenean proiektatu zuten. Oro har, ekitaldi honetan poema errezitaldia eta manikiekin egindako instalazio poetikoa aurkeztu zituen, hain zuzen, “emigrazioa, exilioa eta errefuxiatuak omenduz”.
“Nire asmoa zen Kulturateko kalistroetan aurkeztea, niretzat betidanik kalistro guztiek xarma daukatelako, bertan paseatzeko, irakurtzeko,…”.
Erakusketaren izenburua ’16 poemas y mil noches de tristeza’ da, eta Arrasateko kalistroek 16 arku inguru dituztenez, “asmo nuen arku bakoitza erabiltzea eta erakusketaren erdialdean manikiak finkatzea”.
Horretarako, bere proposamena Udaleko Kultura Sailari aurkeztu zion eta “saiakera berri bat egingo dut nire ustez erakusketa honen leku naturala baita”.
Izan ere, “nik Arrasateko kalistro hauetan bizikletan ibiltzen hasi nintzen, bertan jolasten genuen,… Beste tokietako kalistroek ere erakartzen naute, Galiziakoek esaterako, oso espiritualak baitira”.
Tatxok dagoeneko Erriberan urtez urte “errezitaldiak edota hitzaldiak egin ditut, Marcillan, Tuteran, Cintruenigon, Corellan,… olerkiarekiko zaletasun handia baitago”.
Arrasatear honen erakusketa ikasketen bukaerako proiektua izan da. Izan ere, “Mendizabalako Goi Mailako Graduen Eskola Publikoko irakasle bat laguna dut, Mendizorrotza ondoan, eta bertako Diseinu Grafikoko Goi Mailako Graduko irakasleak klase osoari proposatu zion norberak proiektu bat aurkeztea. Nik hala egin nuen”.
“Oso zorionekoa izan naiz, izan ere, diseinu grafikoa, muntaia eta beste guztia hango ikastetxe publikoetan eginak direlako”.
Atzoko aurkezpenean ere olerki-liburua aurkeztu zuen, 40 olerkiz osaturikoa. “Zenbaki hori ez nuen ausaz aukeratu”, Covid garaiko poemak direnez, “berrogeialdi hitzarekin zerikusia baitu”.
“Erdi Aroan izurriteak Europa gutxienez hirutan astindu zuen, sarraski handia eraginez. Nik konfinamendua hasi zenean aurreikusi nuen luzerako joko zuela”.
Horregatik, 40 eguneko erronka bat jarri zion bere buruari, eta bete egin zuen. Gainera, lan hori amaitu ostean, “nire buruari beste erronka bat jarri nion: 100 hitzezko ipuin bat egitea. Soilik 100 hitzezkoa, ez bat gehiago, ezta bat gutxiago ere”.
Beraz, azken urteetan arrasatear honek olerki-liburu bat, ikus-entzunezko lan bat eta ipuin bat sortu ditu.
“Uzta honek pozten nau, kontuan hartuta etxean kateaturik egotea gauza astuna eta serioa dela”.
Bere olerki-liburuak ere “izaera aldarrikatzailea dauka. Nik betidanik idatzi dut eta idatzi piloa ditut etxean, baina lehen niretzat idazten nuen bakarrik. Alde horretatik lotsatia nintzen”.
Ordea, “Batxiler Artistikoari heldu nionean, joera aldatu nuen eta aurkeztera animatu nintzen”. Bere sorkuntzek “kritika soziala daukate, adibidez aurkezpenean aurkeztutako bideo mutua, Corellan egina. Hori egiteko baimena eskatu nuen, plotter profesionala erabiliz eta baita Sebastião Salgao-ren argazki bat ere”.
Arrasatearraren sorkuntzak “kritika esentzialistak dira, baina aldi berean bitalistak ere. Nire bidaietan bidegabekerien jatorriei erreparatzen diet, eta kritika oso gogorra eta zehatza egiten dut”.
Izan ere, “gure munduan alde bat oso aberatsa da, eta beste aldea ikusteko ez da eskolara joan beharrik, begibistakoa da. Pandemiaren ondorioz are begibistakoagoa”.
“Bazterkeria soziala, pobrezia,… okertu egin dira eta nik nire ikasleei azaltzen diet gero eta aberats gutxiagok gero eta gehiago daukatela. Piramide horren oinarria, ordea, jendez beterik dago, lehengo klase ertaineko pertsona gehiago”.
Naturaren egungo kinka larria ere “porrota da. Gizakia ebakuntza oso zailak egiteko gai da, Martera sonda bat eramateko gai da, baina aldi berean kontraesan eta miseria handienetakoak gara. Gure artean, gainera”.
Tatxo berez Filosofia irakaslea da eta “nire ikasleei esaten diedan bezala, autoa, izozkailua eta denetarik dauzkagu baina norbera oso isolatuta dago. Humanitate eta enpatia faltarekin”. “Natura ere kinka larrian dugu: Ozeanoa, airea,…”.
Arrasatear honen olerki-liburuaren aleak oraingoz agortu dira. “Taupako lagun batek, Beñatek, azken 10 aleak eskatu zizkidan, eta orain arte zenbait aurkezpen egin ditudanez (Cintruenigon, Arabako Mendialdean,…) aurkezpenetan ere eskuragai izan dira”.
Tatxok aholkatu du “olerkien aurkezpenak entzutea oso aberatsa dela, aberastasun handia ematen duen generoa delako. Horregatik, irakurtzen hasi ez direnak animatzen ditut irakurtzen hastera, eta dagoeneko irakurtzen dutenek horrela jarrai dezatela”.
Era berean, “pertsona guztiei eskerrak ematen dizkiet nire sorkuntzei egindako arreragatik. Oso pozik nago, eskerrik asko zuri ere eta atzoko aurkezpenera joan zirenei”. Eskerrik asko zuri Tatxo eta zorionak!