TAOko tarifak onartu ditu Plenoak, “2021eko bigarren zatian” aplikatzen hastekoak

1
1347

Plenoaren gehiengoak onartu zuen atzo TAO sistemaren ordenantza. Aparkaleku disuasorio bat jarriko da Arruenan, Hiper Eroski ondoan, eta urbanoen zerbitzu batek ‘lanzadera’rena egingo du. Oposizioa zerbitzuaren “publifikazioaren” eta tarifen “progresibitatearen” alde azaldu da.

Argazkia: Google Maps. Bideoa: Udala.

Atzo onartutako Ordenantzak Arrasaten erroldatutakoentzat “onura ekonomikoak” aurreikusten ditu, Udal-gobernuak adierazi duenez.

“Doako denbora bat izango dute: 15 minutukoa TAO EXPRESS tarifaren kasuan, eta 30 minutukoa “TAO ARRUNT” tarifaren kasuan. Oro har, 4 TAO tarifa mota egongo dira:

• TAO Express gestio azkarrak egiteko izango da: Prezioa izango da 15 minutu 0.20 € eta 30 minutu 0,40 €. Arrasaten erroldatuta daudenentzat 15 minutu doako eta 30 minutu 0,20 €.

• TAO Merke: bi gune egongo dira doan aparkatu ahal izateko 1 ordu eta 30 minutu: Amaia Antzokiaren alboko parkinga eta Araba Etorbidean dagoen parkinga. Doakoak izango dira.

• TAO Arrunt: 15 minutu gutxienez eta 3 ordu gehienez aparkatu ahal izango da. Ordu bete aparkatzeko tarifa 0,80 € izango da eta Arrasaten erroldatuta daudenentzat 0,60€. Erroldatuek 15 minutu doan aparkatu ahal izango dute.

• TAO Luze: Arrasaten denbora luzez aparkatu nahi dutenentzat izango da: goiz osoa 1,50 €, arratsalde osoa 1,50 € eta egun osoa 3 €. Egoiliar txartelari dagokionez, bi egoiliar txartel atera ahalko dira. Lehen ibilgailuarentzat prezioa 35€/urtea izango da eta bigarren ibilgailuarentzat 75€/urtea. Alde zaharrean bizi direnentzat bertara sartzeko dituzten eragozpenak kontuan harturik, lehen ibilgailuarentzat prezioa 30 € izango da eta bigarrenarentzat 60 €.

Testuinguru horretan, Udalak iragarri du “Arrasate kanpoaldean aparkatzeko Arruena egokituko dela [Hiper Eroski ondoko parkea] eta 3. bus linea zuzen bat jarriko” duela. Horri esker, “tarifa merke batekin zentrora autobus publikoan sartu ahal izango da. Autobus lanzadera hauek zuzenak izango dira eta etengabe ibilbidea egiten ibiliko dira”.

Atzoko Plenoan gaiak debatea eragin zuen, eta EH Bilduk jakitera eman zuenez, Udalak orain TAO zerbitzua aplikatzeagatik enpresa bati ordaintzen dizkion hileko “5.300 euroetatik bertako langileak soilik 1.200 € garbi jasotzen ditu”.

Halaber, koalizioak salatu zuenez, “langileak ez du bere etxera balkaltzera joateko astirik, bere etxea Arrasatetik kanpo dagoelarik. Arizmendiri bazkaltzeko leku bat eskatu behar izan dio, eta Ikastolak toki bat utzi dio”. Maider Morras zinegotziak azpimarratu zuen zerbitzuaren “pribatizazioaren aurka gaudela”.

Udal-gobernuak bere “harridura” azaldu zuen, eta gogoratu zuen atzoko Plenoak proiektua arautzea helburu zuela. Gehitu zuenez garaian Bilduk “era pribatuan esleitu zuen” orduko TAO sistema. EAJ-PNVek Plenoan iragarri zuenez, zerbitzuko langileak “bulego bat izango du”.

Elkarrekin Arrasatek azpimarratu zuen “ez dela momentu egokia horrelako proiektu bat abiatzeko. Izan ere, 2021eko bigarren seihilekoko egoera eta egungo aurreikuspenak oso ezberdinak izan daitezke”. Igor Urizarrek berretsi zuen “pribatizazioaren aurka gaudela eta zerbitzua publifikazioaren alde”. 

Udal-gobernuko ordezkariak, Anuska Ezkurrak, Elkarrekin Arrasateko Igor Urizarri egotzi zion “TAOaren inguruko proposamenik egin ez izana”. Oro har, adierazi zuen “oposizioa ez dela gai Udal-gobernuaren proiektuei baietz esateko, nahiz eta gaurkoa bezalako egitasmo garrantzitsu bat izan”.

EH Bilduk erantzun zuen “gu ez gaudela TAOaren aurka, baizik eta esleipena era pribatuaren egitearen aurka. Guk TAOaren froga pilotua Arimazubin egin genuen 2011n, eta orduan zuek (EAJ-PNV eta PSE) horren aurka egin zenuten sutsuki”.

Udal-gobernuko Anuska Ezkurrak azpimarratu zuen egungo TAOaren egitasmoa urtebete oso baten emaitza dela. “Eskerrak ematen dizkiegu prozesuan parte hartu duten herritar guztien esfortzu eta denboragatik”.

Halaber, jakitera eman zuen EH Bilduk aurkezturiko hiru proposamenak onartu dituela Udal-gobernuak, alegia: “Alkatearen eskumena murriztea; TAO aplikatzen den eremua %10ean handitu edo txikitzea zegoen aurreikusia hasierako proposamenean. Oposizioko alderdiek proposatu zuten eskuduntza hori %5era murriztea eta onartua izan da. Beraz Alkateak, Osoko Bilkuran jorratu gabe, eremuaren %5a bakarrik handitu edo txikitu ahalko du”.

Bigarrenik, “kotxea denbora luzean kalean aparkatuta utziz gero, jarri ahal zaion gehienezko isun kopurua 6tik 4ra jaistea. 4 isun baino gehiago jarraian ezingo dira jarri”.

Azkenik, “bigarren ibilgailuarentzat egoiliar txartela ez merketzea”. EH Bilduko Kepa Urteagak azaldu zuen proposamen honek helburu duela “bigarren ibilgailu horiek ere Erdialdean ez aparkatzea, garajean utz daitezen”.

EH Bilduk kalkulatu zuenez orain direla bi legealdiko TAOko tarifen eta egungo proiektuko tarifen artean “izugarrizko aldea dagoela. Gureak bigunak ziren, zuenak hiru aldiz garestiagoak dira”.

Gai honen inguruan Elkarrekin Arrasatek gehitu zuen “klase sozialak kontuan hartzen ez dituen fiskalitatea fiskalitate atzerakoia dela. Egitasmo honek ez du hori aintzakotzat hartu, eta hala adierazi izan dugu Hirigintza Batzordean”.

Udal-gobernuak iragarri zuenez, TAO sistema berria “2021eko bigarren seihilekoan jarriko da martxan”. Debatearen ostean bozketa egin zen, eta emaitza ondokoa izan zen:

  • Aldeko botoak: 12 (EAJ-PNV eta PSE)
  • Aurkako botoak: 9 (EH Bildu eta Elkarrekin Arrasate)

Albistea osatzen gabiltza

Iruzkin 1

  1. Lotsagarria benetan, dirua batzeko argi dabiltz politiko hauek, herritarrentzat zer egiten dute? Euren soldata igo ta zer gehio?

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen