Ospitale atzean TAOko 42 plaza egiteko obrak ORSAri esleitu zaizkio

0
1155

Osakidetzak azaldu izan duenez lanak egiteko epea “2 hilabetekoa” izango da. Udalak adierazi duenez “Osakidetzak esan digu momentuz ez” direla obrak hasiko.

Ospitale eta anbulatorio inguruan aparkaleku gehiago egitekoak dira. Horretarako, Udalak eta Osakidetzak iaz hitzarmena sinatu zuten.

“2021eko bigarren seihilekoaren hasieran” egitekoak ziren obrak, baina momentuz ez dira hasi. Lan gutxi batzuk egin dira berdegunean oraintsu.

Udalak eta Osakidetzak iaz azaldu zutenez, parking honen helburuak izango dira “erabiltzaileen joan-etorria bermatzea eta pazienteak lehenestea aparkatzeko unean”. Gainera, “Ospitaleko langileentzako baimen bereziak” ematekoak dira.

Obrak egiteko, Udalak Osakidetzari lursail horren lagapena egin zion, eta ondoren Osakidetzak obrak egiteko lizitazioa ireki zuen. Lehiaketara hiru enpresak aurkeztu zuten euren burua.

Osakidetzak Excavaciones y Transportes ORSA SLri esleitu zizkion obrak, eta enpresak, obrak egitearen truke, 100.353,62 € jasoko ditu (BEZ barne) Osakidetzarengandik. Lanak egiteko epea “bi hilabetekoa” izango da.

Maria Ubarretxena alkateak gaur azaldu digunez, “Osakidetzak esan digu momentuz ez” direla obrak hasiko.

Lan hauen ondorioz, Txaetako berdegunea kenduko da, eta kale honetako hainbat bizilagunek obren aurkako sinadura-bilketa egin zuten eta Udalari aurkeztu zioten.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen