Lehen debate irekia egin da Etxaluzen, Udalak antolatuta. Gaiak izan dira Erdialdea, San Andres, Musakola, prezioak, egoiliar txartela,…

Ekitaldiak bi helburu izan ditu: “Udalaren proposamena azaltzea eta herritarren kezkak eta ekarpenak jasotzea”.

Horretan aritu dira Aztikerreko Susana Martinez, Juan Antonio Urdangarin Udaleko Hirgintza Saileko buru teknikoa eta Ibon Arrupe Mugikortasun, Hirigintza eta Ingurumen zinegotziak, besteak beste.

50 herritar bertaratu dira Etxaluzeko debate publikora, eta euren kezka, kexa, iritzi, ekarpen eta abarrei erantzun diete goian aipaturiko ordezkariek.

Udalak gogora ekarri du Mugikortasun Plana onartu zuela Osoko Bilkurak 2018an, eta honek beharrezko ikusten duela TAO jartzea Arrasatearen erdialdean, “ibilgailuen fluxu nagusiak erregulatzeko” eta “gehiegizko erabilera mugatzeko”.

Izan ere, Arrasatek 10.000 ibilgailuen sarrera jasotzen ditu eguneko “industriara, udaletxera, Mankomunitatera eta bestelako zerbitzuetara”.

TAOarekin batera “aztertzen ari gara garraio publikoa hobetzea, eta HERRIAREN KANPOALDEAN aparkaleku gehiago jartzea, bertan kotxea uzteko, aparkaleku disuasorioak deitutakoak”.

“Ez dago erabakita zona gehiagotan jarriko den TAO edo ez”. Horretan eragina izango dute “herritarren proposamenak”.

“Zona expressean 15 minutura arte doakoa izango da. ZONA EXPRESSEAN 15 minutu aparkatuta egoteagatik 20 zentimo ordainduko lirateke. Hamaseigarren minututik aurrera prezioa igoko litzateke. 30 minuturen truke, 40 zentimo.

“Ibilgailuak express zonan gehienez 30 minutu egon ahalko dira aparkatuta. Bertatik joan eta 3 ordu pasata, ibilgailua berriro kale berean aparkatu ahalko da”.

Gizon batek galdetu du ea zergatik zona expressa jarri den toki batzuetan eta ez beste batzuetan. Aztikerreko ordezkariak erantzun dio “Irizpideetako bat da komertzioak, bankuak,… dauden kaleetan jartzea. Interes ezberdinak (bizilagunen eta komertzioen adibidez) errespetatu nahi ditugu”.

ASTEBURUETAN “TAO larunbatetan ez jartzea aurreikusten da. Domekan seguru ez dela egongo”.

Egoiliar txartela ez duena baina Arrasaten erroldatuta daudenak berdinak dira kanpotik datozen bezala.

TAO ARRUNTEAN “pertsona guztientzat doakoak izango dira aparkatutako lehen 15 minutuak”. Ordea, egoiliar txartela dutenek “etengabean aparkatu ahal izango dute”. “Egoiliarra da bere bizilekuko zonaldeko egoiliarra, ez da egoiliarra Arrasateko beste zonetan”.

“Egoiliarrak domiziliatu dezake txartela bere komertzioa daukan tokian, etxean daukan tokiaren ordez. Bi tokietan ezingo du domiziliatu”.

Iraupen luzeko TAO: “Egoiliar txartela dutenentzat etengabean aparka dezakete. Txartela ez dutenentzat 3 ordu aparkatuta izan dezakete”.

Andoni Uribe Etxebarria arrasatearrak SISTEMA IRAUNKOR BAT beharrezkoa dela adierazi du. “Gutxi gorabehera Arrasaten 15 milioi € gastatzen dira kotxeak erosten. Udalak eta beste erakunde batzuek pedagogia egin ezean, arazoa okertuko da, eta TAO partxe bat baino ez da izango”.

OSPITALE INGURUAN TAO ez jartzea planteatzen du Udalak. Inguru horretako bizilagun batek bere kexa azaldu du: erdialdeko TAOaren ondorioz, kotxeek ospitale inguruan aparkatzeko joera izango dute.

Astikerrek erantzun du “ez dela baztertzen ospitale inguruan ere TAO jartzea. Gai hori mahai gainean dago, TAOa gehiago zabaltzeko aukera dago. Horretarako irizpide bat inbertsioa da”.

Antzeko erantzuna jaso du ALDAI KALEko bizilagun batek, honek ere eskatu baitu Aldain TAO jartzea. “Zuen eskaera idatzi eta jaso egingo dugu. Horrek ez du esan nahi eskaera beteko denik, baina baloratu egingo dugu, inbertsioa eta mantentzea kontuan hartuta”.

ORAIN ARTEKO TAO “defizitarioa” dela eman du jakitera Juan Antonio Urdangarin Hirigintzako buru teknikoak. TAO berriaren helburuetako bat da “autofinantzatzeko gai izatea eta iraunkorra”.

Neska batek islatu du erdialdean aparkaleku oso gutxi daudela beharra kontuan hartuta. Proposatu du IGNAZIO ZULOAGA KALEAN, “egoiliarrentzako TAO ordez, express zona jartzea”.

Egoiliarrentzako ere aparkaleku falta egon daitekeenez, Higintzako zinegotzi Ibon Arrupek esan du “egoiliarrek TAO arruntean edota egonaldi luzeagokoan aparka dezaketela”.

EGOILIAR TXARTELA LORTZEKO beharrezkoa da “bizilaguna eta ibilgailua bertan erroldaturik egotea.

MOTORREK kotxeen aparkaleku plazak erabili ahalko dituzte, kodearen arabera”. Ondorioz, “TAOari dagozkion txartelegatik ordaindu beharko dute moto gidariek ere”.

SAN ANDRESko bizilagun batek, Jabier Bengoak, islatu du “Bañez Doktorea kaleak trafiko ugari jasaten duela, atajo bezala erabiltzen delako, eta horrek zakartzen ditu aparkalekuak”.

Trafiko arazoa konpontzeko “norabidea aldatzea” planteatu du, betiere “hiriguneak oinezkoentzat bihurtzeko eta erdiguneko autoen fluxua gutxitzeko”.

Debate irekian ere galdetu da ea MUSAKOLAko bizilagunek, auzoan TAOrik izango ez dutenez, TAOagatik ordainduko duten. Aztikerreko ordezkariak erantzun dio musakolarrek TAO ordaindu beharko dutela “Erdialdean edo San Andresen aparkatuko dutenean”.

San Andresko bizilagunak ez du ontzat ematen TAO jartzea: “Orain aparkatzeagatik ez dut ezer ordaintzen, baina TAO jartzean ordaindu beharko dut”.

Jesus Markaide arrasatearrak ez du begi onez ikusten TAOaren proposamena: “Printzipioz, zorakeria bat da, GIPUZKOAKO BESTE HERRI BATZUETAN horrelakoak jarri dira?”. Aztikerreko ordezkariak erantzun dionez, Gipuzkoan 15.000 biztanle baino gehiagoko 3 herrik soilik ez dute TAO: Eibar, Lasarte eta Arrasate.

San Andresko beste bizilagun batek, Asier Bergaretxek, galdetu du ea posible den, egoiliar txartela izan arren, APARKATZEKO TOKIRIK EZ aurkitzea. Aztikerrek erantzun du proposamena dela “txartelak era orekatuan ematea” baina onartu du “gerta daitekeela”.

Beste arrasatear bat, Mireia Muruamendiaraz, proposameneko puntu batzuekin bat etorri da, baina adierazi du “soluzio bada Arrasateko kanpoaldean aparkamendu batzuk egitea, herri barrurako mugikortasuna bermatu beharko dela”.

Horretarako adibidez “bidegorria oso baliagarria izan daiteke, baina egun bidegorria ez da erdialdera heltzen”. Halaber, Udalari galdetu dio ea Biteriko eta Jose Maria Arizmendiarrietako LURRAZPIKO 2 PARKINGAK “beste baldintza batzuekin (prezio merkeagoz esaterako) erabil daitezkeen”.

ISUNAK ere hizpide izan dira debate publikoan. “TAOko isunek orain artekoen ezaugarri berdinak izango dituzte”.

Etzi, ostegunean, eztabaida publiko berri bat egingo da, udaletxeko pleno aretoan, arratsaldeko 18:30ean.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen