Arrasaten oro har TAOaren inguruko 337 kexatik gora aurkeztu zaizkio Udalari, baita 8 helegite ere. EAJ-PNV eta PSEk iragarri dute aldaketak “uda honetan” egingo dituztela. EH Bilduk eta Podemos Arrasatek “irizpide falta” egotzi diote Gobernuari.
Bideoa: Udala.
TAO ordenantza jendaurrean aurkeztu zen, herritarrek alegazioak aurkez zitzaten, eta gaurko Plenoan gaia jorratu da.
8 alegazio idatzi aurkeztu zaizkio Udalari denera, baina azaltzekoa da alegazioetako batek 337 kexa barne biltzen dituela.
Podemos Arrasateko Eva Abuin zinegotziaren “ustez, Udalak beste aurkera bat galdu du TAO sistema herritarrekin ganoraz lantzeko”.
Ildo honetan, jakitera eman du Udal-gobernuak gaur Plenora aurkeztutako “aldaketa asko Aztikerrekin egindako parte-hartze prozesuan azaldu zirela, baina Gobernukoek ez zenituztela agirian sartu”.
Eva Abuin zinegotziak galdetu du ea Udalak “bildutako diruaren datua emango duen ala ez? Izan ere, esan zenuten gardentasunez jokatuko zenutela”. Halaber, ondorengoa galdetu du: TAOarekin bildutako “dirua zertara bideratuko da?”.
Podemos Arrasatek proposatu du, “sistemaren aurka gaude arren, baina sistema aplikatzen denez, jasotako dirua erabiltzea, bai herri-busa merketzeko, bai zerbitzu hau jaiegunetara zabaltzeko”.
EH Bilduk diktamenaren aurka bozkatu du “ez baitugu ulertzen zein logika erabili den alegazio batzuk onartzeko eta beste batzuk ukatzeko, hau da”:
“4.000 sinadura aurkeztu dira TAOaren inguruko erreferendum bat egin dadin, baina ez dira onartzen. Ordea, Erguinen 2.200 biztanleetatik, %19ak soilik bozkatuta, eta bozka denek TAOa onartu barik, Udalak erreferendum hori ontzat eman du”.
“Zein da Udal-gobernuaren irizpidea?” galdetu du Maider Morras zinegotziak, eta “hemendik aurrera beste auzoei ere erreferenduma egiteko aukera emango zaie?”.
Halaber, Garro jenerala kaleko garaje itxiei dagokienez, Udalak garajeen jabeei adierazi die “ezin dutela kotxea garajera sartu, baina Udaleko Hirigintzatik ez zaie jakinarazpenik iritsi. Beraz, egoera juridiko aldrebes batean gaude”.
EH Bilduk eskerrak eman du Udal-gobernuak “guk aurkeztutako alegazio asko eta asko onartu” dituelako.
EAJ-PNVtik iragarri dute onartutako aldaketak gauzatzeko “udako hilabete hauek erabiliko ditugula, eta aldaketak esparru ezberdinetan egingo direla”.
Alegazioen artean “Erguingo Auzo-alkatetzak aurkeztutakoa dago. Erguinen lanketa bat egin zuten, eta ondoren alegazioa aurkeztu zuten. Udalak aztertu egin du eta teknikoki onartu da”.
Bestalde, Anuska Ezkurrak berriro hitzeman du “azalduko dugula nola joango diren TAO sistemaren arlo ekonomikoak”, eta bere hitzetan “gardentasun osoz azaleratuko” dira.
Iragarri duenez “irailean sentsibilizazio kanpainatxoak egingo ditugu, jendeak datozen aldaketak errazago barnera ditzan”.
TAOaren diru-bilketari dagokionez, “ikusi beharko da urtebete igarota, zein den argazkia. Ogasun Batzordeari emaitzak aurkeztuko diogu, eta publikoki azalduko dira”.
Anuska Ezkurrak adierazi du TAO “defizitarioa bada, ezingo dela ondoren diru-banaketarik egin. TAO ez da diru-bilketa sistema bat, ibilgailuen kudeaketarako baizik”. Hauek izan dira bozketaren emaitzak:
- Aldeko botoak: 12 (EAJ-PNV eta PSE)
- Aurkako botoak: 9 (EH Bildu eta Podemos Arrasate)
Erabaki horren ondorioetako bat da Erguingo 8 kaletan TAO aplikatuko dela, hau da, auzoko erreferendumean baiezko botoa nagusitu zen kaleetan. Ondoko kaleak dira:
- Anboto
- Elizalde
- Erguin
- Jauregibarria
- Kalealdea
- Uriburu
- Larrea
- Usaetxe
Horretarako Udalak 1.3 eremu berria sortuko du, eta eremu horretan sartuko dira goian aipatutako 8 kaleetan ataria dituzten eraikinak. Udalak iragarri duenez aldaketak “uda honetan” egingo ditu.
Informazio gaurkotua: Atzo Udalbatzak erabakia hartu zuen, eta azaltzekoa da Elizalde kalea, oinezkoen kalea izanik, bertako 1 eta 3 etxebizitza blokeetan TAO aplikatuko dela, Udalak gaur baieztatu bezala. Gaur egun Alde Zaharreko kaleak peatonalak diren arren, bertako etxebizitzetan ere TAO aplikatzen da, esaterako bizilagunei bertakoentzako txartela egiteko aukera emanez.
Lortu dute nahi zutena, herritar bakoitzari tao ordainarazi, gero gauzatxoren bat inauguratu eta argazkiak ateratzeko.errealidade bakarra da bidesari eta tao artean ito gaituztela, azken urteak ezin okerragoak izan dira, soka etetear dago
Eta ekainean ez al zuten 2 ordu dohainik jarri behar ota zegoen leku denetan???? Nazka!!!
Elizalde kalea aspaldidanik da oinezkoentzat…
erguinen erreferenduna in zan ta ezezkoa urten zan. nundik aterea da panpinkeria hau?
Zerrajeran noiz egongo da OTA ?
“EH Bilduk eskerrak eman du Udal-gobernuak “guk aurkeztutako alegazio asko eta asko onartu” dituelako”??’ Benetan??? Gainera eskerrak ematen?
Zergatik ez du Mondraberrik behingoz zentzuz kudeatzen iruzkinen kontu hau? Ez da normala politikariak ibiltzea hemen izen desberdinekin herritar soilak balira bezala idazten batak besteari trasteak burura botazen. Mondraberri, izan zaitezte serioak eta jarri iezaiozue adar jotze honi amaiera behingoz.