Herri-bus berriak, 31 parada ordez, 17 izango ditu, eta orduko bi zerbitzu eskainiko ditu. Zerbitzu berrirako Udalak 200.000 € inguru gehiago erabiliko ditu. Zerbitzu berria eta TAOa “uztail aldera” abiatuko dira. Zerbitzu guztietako tarifak “%30 merketuko dira”.
2021eko Aurrekontuen harira, Udalak iragarri zuen herri-busak 3. linea bat eskainiko duela. Gaur egitasmoaren inguruko datu gehiago iragarri dituzte.
Prentsaurrekoan parte hartu dute Maria Ubarretxena alkateak, Victoriano Fuentes Udaleko Zerbitzuak Saileko zinegotziak eta Moises Altuna zerbitzu horretako tekniko buruak.
Alkateak azaldu du, aparkatzeko TAO sistemaren harira, Udalak herritarrekin egindako lanketan, “herritarren eskaera oso garrantzitsu bat izan zela, erdialdean TAOa jarriz gero, kanpoaldean aparkatzeko leku gehiago jartzea”.
Horretarako, parking disuasorio bat jarriko da Arruenan, Hiper Eroski ondoan, 2021ean. “Horretarako ez da beharko obrarik egitea”.
“Momentuz Arruena parkean soilik jarriko da parking disuasorioa. Doakoa izango da eta aparkatzeko leku nahikoa egongo da”. Arruenak 200 ibilgailu inguruk aparkatzeko tokia dauka.
Beste parking disuasorio bat jartzea beharrezkoa balitz “Udaleko Hirigintza Saila badabil San Andres inguruko edota Markuleteko industrialdetan balizko leku egoki gehiago”.
Alde horretatik, “herritarrek eskatu zuten parking hori erdialdearekin lotzeko herri-bus zerbitzu bat, oraingoak baino ibilbide motzagoarekin, azkarragoa eta merkeagoa”.
“Eskaera horri erantzuteko dator 3. linea. Asmoa da linea hau martxan jartzea TAO berria jarriko den garai berean. Izan ere, egitasmoaren helburua da kotxeetako erabiltzaileak ez aparkatzea erdialdean, eta horretarako aukerak ematea”
“suposatzen da eta sinesten dugu linea azkarragoa izango dela. Izan ere, herri-bus zerbitzuak orain 31 parada eskaintzen ditu, eta herri-bus linea berriak parada gutxiago izango ditu”:
- Arruena
- Gipuzkoa etorbidea
- Maalako biribila
- Otalora (San Frantziskoko biribil ondoan)
- Muxibar
- Zarugalde
- Udala plaza
- Arrasate pasealekua (Arimazurin)
- Alfonso VIII etorbidea
- Bañez Doktorea
- Maiatzak 1
- Garibai
- Biteri
- Nafarroa etorbidea
- Deba etorbidea
- Gipuzkoa etorbidea
- Amaiera: Arruena
Kontuan hartzekoa da “guztiak eskaerazko paradak direla, hau da, herri-busa ez da parada guztietan gelditzen: bidaiariak jaisteko eskaera egitean soilik geratzen da. Sistema hau ere erabiliko da 3. linean”.
Horrela “bidaiaren iraupena erdira jaitsiko da, eta uste dugu jendeak gehiagotan erabili beharko lukeela autobusa”. Linea berriak Arruena eta Arimazubi – San Andres elkartuko ditu.
Udalak iragarri duenez orduro “bi zerbitzu eskainiko direla, hau da, bi buelta izango direla. Hirugarren lineak zerbitzua emango du astelehenetik ostiralera (goizeko 7:35etik gaueko 20:05era). Larunbatetan 8:35etik 14:00etara”.
Gainera, herri-buseko tarifa denak “%30 merketuko ditugu. Herri-buseko linea guztien (3 lineen) tarifak merketuko dira, herritarren eskaerari erantzunez”.
Erabiltzaileek normalean Mugi txartela erabiltzen dute herri-busa ordaintzeko. “Mugiko tarifa garestiena da erabiltzaileak bidaia gutxi egiten dituenean (0 bidaitik 20 bidaira), egun 0’96 eurokoa da. Tarifa berriekin 0’70 eurokoa izango da”.
Mugi txartelaren erabiltzaileak, gero eta bidaia gehiego egin, ordaindu beharreko tarifa gero eta merkeagoa da. Horrela, erdibideko tarifa (21 eta 50 bidai artean egitean) prezioa 0’57 eurokoa izango da eta tarifa merkeena (51 bidai eta 90 artean) 0’14 eurokoa. Tarifak merketzeko esfortzu bat egin da”. Beraz, tarifak ondokoak izango dira gutxi gorabehera:
- Mugirekin tarifa merkeena: 14 zentimo
- Mugirekin erdiko tarifa: 57 zentimo
- Mugirekin tarifa garestiena: 70 zentimo
- Mugi barik: 1’35 euro
Mugi txartela oraindik erabiltzen ez dutenentzat bidaiaren prezioa 1’85 eurokoa da. Aldaketarekin “1’35 eurora merketuko da”.
Hauek guztiak aurtengo prezioak dira, eta 2021ean “baliteke prezioetan aldaketa txiki batzuk izatea”. Goian aipatutako merketzeak 2021eko “udan aplikatzen hastekoak dira”. Izan ere, “espero dugu linea berria uztail aldera martxan jartzea, TAO berriarekin batera”.
Udalak urtean 540.000 € inguru ordaindu ditu herri-busaren zerbitzuagatik, eta zenbateko horri gehitu behar zaio urteko defizita (110.000 € inguru). Beraz, denera Udalari 650.00 € erabili ditu urteko herri-busaren zerbitzua eskaintzeko”.
“3. lineak suposatuko du Udalak 200.000 € inguru gehiago ordaindu behar izatea. Hau da, 2021ean kontratua 740.000 € ingurukoa izango da. Horri gehitu beharko zaio 2021eko balizko defizita”.
2021ean 1 linean eta 2 linean jarraituko dute bina herri-busek eskaintzen. “Hirugarren linearako bosgarren herri-bus bat lortuko du Udalak. Ez da bus berri bat erosi beharko”.
Ibilgailu honek oraingo ibilgailuen “antzeko ezaugarriak izango ditu. Guztira 5 herri-bus ibiliko dira alderik alde 2021eko udatik aurrera”.
Hirugarren linea TAO berriaren testuinguruan abiatuko da, eta “ondorioz, ikusiko badugu moldaketak egin behar direla, moldatuko dugu hirugarren linea, ordutegiari dagokionez, parada kopuruari dagokionez,…”.
Herri-busak “170.000-180.000 erabilera ditu urteko. Kopuru hori oso altua da adibidez Eibarko herri-busarekin alderatuz gero. Arrasateko aurtengo kopurua jaitsiko da Covid-aren ondorioz”.