Gaur arratsaldean Herriko Plazan eta udaletxeko osoko bilkuren aretoan entzun da herritarren ahotsa. Ehun bizilagunek baino gehiagok auto karabana batean parte hartu dute kaleetan zehar, protesta ekitaldia egin dute Herriko Plazan eta osoko bilkuran parte hartu dute euren kexak eta galderak politikariei hurbilduz.
Gaur arratsaldeko osoko bilkurako galderen eta eskaeren atalean, hainbat herritarrek hartu dute hitza, eta Arrasaten ezartzen ari den TAO sistema hau “akats bat dela” adierazi dute. Herritarrek politikariengana jo dute eta elbarrientzako aparkaleku erregimen berezi bat, autonomoentzako aparkaleku sistema bat, arrazoizko prezioak, ospitalearen inguruan doan aparkatzea eta, bertan, egoera oneko aparkaleku bat eskatu diete.
“Bakoitzak bere lana bete behar du eta gu ez gaituzue ordezkatzen. Ospitalean TAO-a kendu behar duzue. Eskualdeko ospitalea da, eta gaur egun ospitalean dagoen aparkalekua ez dago erabiltzeko moduan. Egoiliar auto bat edukitzeko ezarri diren prezioak altuegiak dira. Elbarrituentzat aparkaleku sistema berezi bat izatea behar dugu”.
Autonomoek ere hartu dute hitza: “Egunaren buruan askotan aparkatu behar dugu herrian eta TAO sistema honek diru asko suposatzen digu. Inork ez gaitu kontuan hartu hau martxan jartzeko orduan, eta konponbideak nahi ditugu”.
Bizilagunen arabera, “azokako gunea ere arazo bat da, inguruan dagoen gehieneko aparkalekua ez baita nahikoa bertan lan egiten duten pertsonentzat. Hau guztia gelditzea eta erreferendum bat deitzea nahi dugu”.
Piter Encinasek baieztatu duenez, “hau ez da egokia ekologia aldetik. Gainera autonomoen egoera salatzekoa da. Ezin dira hainbeste makila gurpilean jarri. Hau diru bilketarako sistema da. Moratoria bat eskatu behar da”.
“Sistema hau ez da defizitarioa. Herritarrentzat odoljario-sistema bat da. Ez zaizue interesatzen inori entzutea. Herritarren parte-hartzea demokratikoa eta logikoena izango zen sistema hau martxan jartzeko, baina egin duzuen hau hegemonia ariketa bat da”.
Osoko bilkuraren amaieran, azalpenak eskatu zaizkie politikariei, herritarrek egindako galdera eta kexa guztiengatik. Gobernu-taldeak erantzun du “kasu bakoitza aztertuko dela”, baina, oraingoz, ez die konponbide zehatzik eman bizilagunek helarazitako arazoei.