TAO, Grupo San Juan, eguzki-enegia eta etxebizitza plenoan osoko bilkuran landu diren gaiak

13
1496

2020ko urriaz geroztik, atzo arratsaldean egin zen lehen osoko bilkura presentziala. Hala ere, pandemiak iraun duen denbora guztian bezala, osoko bilkura Arrasateko Udalak Youtuben duen kanaletik ere jarraitu ahal izan zen.

Grupo San Juan

Atzoko osoko bilkuran onartu ziren gaien artean, udalerriaren katalogo historiko-arkitektonikoan San Juan Taldearen edizifo multzoa sartzea dago, 2016an onartu zena. Agirian, abian jarriko diren babes-irizpideak jasotzen dira.

Proposamena EAJ eta PSE-ren aldeko botoekin onartu zen. Bestalde, oposizioko taldeak abstenitu egin ziren. Maider Morras EH Bilduko bozeramaileak zehaztu duenez, “proposamen honen aurkezpenaren arrazoia Ekobulebarreko proiektuaren barruan Grupo San Juanen arkua eraisteko Udal Gobernuak egindako proposamenaren ondoren sortutako eztabaida da”. Halaber, galdetu du ea “Udal Gobernuak ba al duen asmorik legegintzaldia amaitu aurretik Grupo San Juanen saneamendua konpontzeko?”.

Udal Gobernuko bozeramaile Anuska Ezkurrak argitu du “Grupo San Juan babesteko irizpideen araudia onartzen ari garela”. Gainera, “Ekobulebarreko lanak amaitzen direnean, zer esku-hartze egin daitezkeen ikusiko dugu”.

Eva Abuin Elkarrekin Arrasateko bozeramailea ere abstenitu egin da. “Proposamenaren edukiarekin ados gaude, baina Jaurlaritzak bizilagunekiko duen jarrerarekin ez”.

Eguzki-energia

Atzo, Arrasaten eguzki-energia biltzeko sistemen instalazioa arautzeko ordenantza ere onartu zen. Proposamena EAJren eta PSEren aldeko botoekin eta EH Bilduren eta Elkarrekin Arrasateren abstentzioekin onartu zen, “gaia oposizioarekin ez dela zuzen tratatu” argudiatuta.

Etxebizitza hutsen mozioa

Osoko Bilkuran Elkarrekin Arrasatek herrian hutsik dauden etxebizitzen funtzio soziala bultzatzeko mozioa aurkeztu zuen. Eva Abuinek azpimarratu zuenez, “Arrasaten oso arazo larria dago etxebizitzaren eta alokairuaren prezioan. Eskatzen duguna da mapeo bat egitea, argazki orokor bat osatzea, eta udalak dituen konpetentziak oso mugatuak direnez beste instituzioei eskatzeko baliabideak Arrasaten dagoen egoerari buelta emateko”.

EH Bilduk Elkarrekin Arrasateren mozioa babestu du, “udalerrian dauden etxebizitza hutsen mapa egiteko” eskatuz, “eskaintza eta eskaria ondo ezagutzeko. Garrantzitsua da gazteek alokairua eskuratzeko dituzten beharrak ezagutzea”.

Hala ere, mozioa ez da onartu, EAJk eta PSEk kontrako botoa eman baitute: “arazo larria da, baina orain Jaurlaritzan gaia lantzen ari dira. Ogasuneko batzordean aztertuko dugu amaitzen dutenean”.

TAO eta Biteriko txartelak

TAO izan da gaurko osoko bilkuran landu den beste gaietako bat. Placi Garcia arrasatearrak, TAO martxan jartzeari buruzko luzamendua eskatzeko sinadura bilketa baten buru denak, esan du “ez duzuela herritarrengan pentsatu. Hainbeste koloreko TAO oso zaila da ulertzea. Arazoak konpondu behar dira, ez gehiago sortu. Eta zer gertatzen da ni bezalako pertsonekin elbarri-txartela daukagunokin? Non aparkatuko dugu?”.

Anuska Ezkurrak eskerrak eman dizkio osoko bilkurara joateagatik eta bere kezkak udalbatzarekin partekatzeagatik. Onartu duenez, “TAO sistema ez da perfektua, baina herritarren zati handi baten parte-hartzearekin egin da. Abenduaren 4an sistema martxan jartzen denean eta zerbait aldatu behar den ikusiko dugu”. Era berean, kexa eta erantzukizun guztiak Gobernuari helarazteko gonbita egin dio herritarrari. “Eta denak aztertzeko konpromisoa hartzen dugu”.

Galdera horren harira, Elkarrekin Podemoseko Eva Abuinek Biteriko aparkalekuko txartelen gaia jarri du mahai gainean. EH Bilduko Maider Morrasek aitortu duenez, “21 zinegotziok txartel hori dugu, ez ordaintzeko aukera ematen diguna. Zentzu horretan, pribilegiatuak gara. Oposizioko alderdiek uko egin diogu, baina Udal Gobernuko zinegotziek erabili egiten dute”, azpimarratu du. EH Bilduk duen bakarra Nerea Hernandez da, “badaezpada ere, lanetik berandu irits daitekeelako, baina azken urte eta zortzi hilabeteetan ez du erabili”.

Ezkurrak azpimarratu duenez, Udal Gobernuko kideek txartela beren lanerako baino ez dute erabiltzen, “eta ez dugu inolako arazorik hori frogatzeko”.

Bestalde, Maria Ubarretxenak azpimarratu duenez, “aspalditik egon den aukera da, agintaldiz agintaldi. Aurreko agintaldian, Udal Gobernuan sartu ginenean, txartelen erabilera arautu genuen, ez zegoelako aurretik araututa. Orduz geroztik, matrikula eman behar da, eta agerian utzi behar da zertan zabiltzan. Beraz, datuak aterako ditugu, noiztik erabiltzen diren txartel horiek eta zein zinegotzik erabili dituen”.

13 IRUZKIN

  1. Danon diruaz obra handiak enkargatzea erreza da. Erakin oso bat berriztea batez ere, Kulturola edo Aprendices, diru asko ipini eta obra eramango duen norbait kontratatu, masomenos denon gustokoa izango da seguru. Ur txorroten parkeak bezala. Dirutza balio dute baina ez diote inori molestatzen, gutxik pentsatzen dute diru horrekin beste gauza batzuk egin ala zirela.

    Auzotarren etxeak tartean sartu eta obra hori adostu behar denean, lanketa behar denean, hor ia lan politikoa eta politikoen hutsuneak bistan geratzen dira, Grupo San Juanen bezala.

    Obrarik tartean ez duten gaiak, delinkuentzia, hezkuntza eta auzoetako segregazioa, euskara, berdintasun gaiak, eragileekin harremanak, aisialdi hezitzailea… hor ia %100lan politikoa dago, eta hor azken urteetan ez digute ezer berririk aurkezten ez dutelako gaitasunik.

    Baina obrek ia dena tapatzen dutenez, eta herritarrek uste dutenez Udala ez dagoela hezkuntza eta horrelako gaietarako, obren alde bakarrik apustu egiten du PNVk, eta egia da gehiengoak leku ia guztietan lortzen dituztela.

    Obrak 10, lanketak 0. Baina boterean daude. Galdera da, herritarrok nahi al dugu Udalak beste lalanketa sakonak egitea? ikusten al ditugu beste arazo batzuk hor daudela? horren sinpleak ez gara izango, edo bai?

    • Jaime, zure hausnarketan sakontzeko hurrengoa esango nizuke: eraikin oso bat berriztea erabaki guztiz politikoa da. Aprendicesen kasuan, esaterako, EH Bilduk bertan aurreikusi zuena zera zen Aprendices eraikina bota eta etxeak eraiki. Beraz, erabaki guztiz politikoa izan da eraikin hori mantentzearen aldeko apustua eta berriztearena, Arrasate Musikali eta Goiko Baluri egoitza duina emateko. Gobernu honek erabaki hori hartu ez balu non egongo litzateke orain Arrasate Musikal? Ba ziur aski Monterronen, orain bezala, baina etorkizunera begira planik gabe, probisionaltasun batean betiko. Beraz, erabakia bai, guztiz politikoa izan da eta ausarta ere bai.
      Kulturola jartzen duzu adibide moduan. Berdina esango dizut, erabaki politikoa izan da guztiz eraikin hori berriztu eta bere esentzia mantentzearena. Eta noski, kultur eragileaz haratago bertan kokatuko dute UDAL EUSKALTEGIA. Ez al zaizu hori erabaki guztiz politikoa iruditzen? Niri bai. Zentraltasuna, ikusgarritasuna, primerako aukera eman zaio abandonatuta zegoen udal euskaltegiari.
      Akaso galdera izan daiteke, zergatik ezker abertzaleak ez ditu obra handiak egiteko erabaki politikoak hartzen? Zergatik ez dute Kiroldegi berriari buruz hitz egiten? Ez da izango horrelako obra handien kudeaketan ez dutela euren burua gai ikusten? Ez dakit, hortxe hainbat galdera Jaime, ea zuk erantzuten dizkidazun.

      • Obra gora eta obra behera, udalean egotea obrak egitea besterik ez balitzan. Obrak egiteko konstruktorak daude, udalak beste lanen bat izango du hortan aparte ez?

      • Noski 2 erabaki politiko direla. Potoloak gainera, ados. Baina erabaki horiek duela 7 urte hartu ziren, seguraski arratsalde pare baten eta alderdi politiko baten barruan, despatxoan. Erabaki egokiak izan zirela ez dizut ukatuko. Baina erabakiak hartu ondoren, udal teknikariek eramaten dute gaia, eta oker ez banago LKSk eramaten ditu obrak. Nik esaten dudana da politikoek erabaki politiko potolo gehiago hartu behar zituztela hurrengo urteetan eta ez dituztenez hartu zenbait arazoak okertu egin dira. Eskatzen eta faltan botatzen diren lanketak, jendearekin eseri, ideiak berriak bota, eztabaidatu… despatxo batetik kanpo egin behar dira. Herrian arazo asko daude subkontratekin eta diruarekin bakarrik konpontzen ez direnak.
        Gobernu bat ezin da 2 eraikin berrizteko erabaki egokia hartu zuelako horren errentatik bizi… gehiago exijitu behar zaio.

        Benetan eta zintzo, zuk uste duzu pertsonen arazoak eraikinekin bakarrik konpontzen direla? zuk ez dituzu ikusten arrasateko kaleetan beste arazo batzuk eta Udalaren erantzunak askoz landuagoak izan ahalko zirela?

      • Eta Bildu esaten duzunez (ezker abertzalea supongo), ere berdin neurtuko dizut 2 adibiderekin:
        1) Mojategiko kirol instalazioak eta Kulturate egin zituen, beraz ez esan ez dituenik eraikinak egiten. Baina era berean Emakume Txokoa zabaldu zuten, eraikina bera baino barruan dagoena izan zela berrikuntza, Euskal Herrian prekurtsorea. Hortaz ari naiz, horrelako zerbitzuak gehiago falta dira, berriak eta arazo konplesuak konpontzen saiatzeko sortutakoak.

        2) Kontran, gaur egun dauden etorkin kopuruak ez zeuden Bilduren garaian, orduan etortzen hasi ziren, etxeak egin zituztelako baina ez zutelako kanpotarrak Txaetan pilatuko zirela aurreikusi. Gai hau ere apur bat erabaki politiko hankamotz hortatik dator eta etorkinak integratzeko planak orain ezin dira dirulaguntzak bakarrik izan. egoera honetan gainera euskaltegi berriak ere ez du ezer konponduko beste estrategiarik martxan jartzen ez baldin bada. Ikusten duzunez, badago lana. Ez da Euskaltegi eta Musika Eskola berria bakarrik behar dena, euskara eta musika gehiagorengana heltzeko estrategia bat ere diseinatu beharko da.

        Alderdi guztiei eskatu behar zaie berdina, obrak bai, baina lanketak eta estrategiak ere bai. Baina gaur egungo gobernuari tokatzen zaio gaur egungo arazoak konpontzea, eta nik ez dut horrelakorik ikusten. Grupo San Juaneko arkuarekin hartutako pataleta ikusita, gaitasunik ez dutela uste dut.

        • Barkatuko didazu Jaime, baina Mojategi eta Kulturate ez zituen ezker abertzaleak egin, Lakunza alkate zela egin ziren. Ezker abertzaleak egin zuen azken bi eraikin handiak txironen garaikoa dira: Uarkapeko frontoia eta biteriko parkiña.

  2. Etxebizitza duin bat izateko eskubidea, langabezia edo/eta lan baldintza duinak izatea, pertsona nagusi eta dependiententzako zerbitzu sozio-sanitario egokiak, umeak kalean lasai eta bakarrik ibiltzeko neurri eta tresnak garatzea, familia eta lanaren kontzilizaiorako zerbitzu egokiak, Arrasate jarduera ekonomikoak sortzeko erakargarri egitea… Badago bai zeregina

  3. Kulturate Lacunzaren denboran egin zuten eta aurrekontua %40 gehitu zen. Gustu txarrez egindako bodrio bat.Amenabarrek gure herrian obra horrekin sartu zuen muturra.

  4. TAO guztiz lardaskeria handi bat da.
    1/ Ipintzen dute, eta gero buruan (?) daukate herriari galdetzea edo U. Gobernuak herriari gonbita dio bere iritziak esateko.
    2/ Erabat, diru-bilketarako da, edo nola uler daiteke egoera hau: adibidez, alde zaharrean bizi garenok zergak ordaintzen ditugu, gehi B-R aparkalekuak (aurkitzen baditugu denontzat ez dagoelako), eta S. Andresera joaten bagara erosketak egitera, aparkatzeko berriro ordaindu beharko dugu, hiru aldiz, hau ez bada diru-bilketa, zer da?
    3/ Hor daude Biteriko eta Lau Bideko aparkalekuak % 50 erabili gabe.
    Helburua ona izan zitekeen, baina gaizki gauzatuz gero txapuza hutsa da.

    • Nork pribatizatu zituen Laubide eta Biteriko parkingak? Ezker Abertzaleak, Txiron alkate zela. Eta 50 urterako utzi ziguten oparitxoa.

  5. Aitor, gezurrik ez! zein aktetan dago EH Bilduk Aprendiceseko eraikina bota nahi genuela etxebizitzak egiteko? zure argudioak defendatzeko ez duzu gezurrik esan behar, eskubide osoa daukazulako zure iritziak esateko.
    Kiroldegi berriari buruz, EAJk gehiago dauka azaltzeko EH Bilduk baino, EAJk 6-7 urte darama proiektu horrekin gora eta behera.
    Nik aspalditik Udal Gobernuari beste gauza eskatzen diot, eta horretarako ez da behar porlanik; ingurumen mahaia berpiztea, bestela zertarako balio du ingurumen batzordea edukitzeak? aurpegia zuritzeko?

  6. Oparia; uste dut Biteriko aparkalekua “bakarrik” izan zela, baina horrek ez digu kentzen enpresarekin akordio batera iristeko. Hala eta guztiz ere, nola kudeatuta dagoen TAO gaiak gutxiegi nota dauka.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen