Tabernari eta Ostalariak, momentu hauetan ere, Euskaraldian present

0
171

18 taberna eta jatetxek erakutsi zuten Arrasaten Ariguneren bat sortzeko konpromisoa. Ixtera behartuak, arigune hauek funtzionatzea zaila dela badakigu, baina hala ere, herriko Euskaraldian oso present izango ditugula adierazi nahi dugu letra hauen bitartez.

Testua eta irudia: Arrasateko Euskaraldia.

Covid-19ak bizitza aztoratu digu guztiz, eta gure egunerokotasuna hankaz gora jarri. Oso ohikoa izan dugu orain arte, taberna bateko mahai batean edo terrazan, batekin eta bestearekin elkartu, eta txortxorrien ibili kafe baten edo garagardo baten bueltan. Oso ohikoa izan da ere, lanean jo ta su ibili eta gero, jatetxera bazkari goxo bat jatera joatea, berriz ere lanera bueltatu aurretik. Pandemiak baina, ez du indarra galtzeko asmorik erakutsi eta egoerari aurre egiteko hartu diren azken neurriak direla eta, egunerokoan ohikotzat jotzen genituen gauza asko eta asko, egun batetik bestera, gure errutinetatik kanpo gelditu dira. Ohiturei bakarrik eragingo balie… okerrena da, famili askoren diru-iturriak ere kolokan gelditu direla, tamalez.

Arrasaten, 18 taberna eta jatetxe dira euskararen alde egin nahi, hizkuntza ohiturei astindu bat eman gura, eta Euskaraldiaren bigarren edizio honetan Ariguneak sortzeko konpromisoa hartu zutenak. Orain baina, egoera honetan, oso zaila izango da beraientzat azaroaren 20tik abenduaren 4ra egin beharreko ariketa taxuz burutzea.

Arrasateko Euskaraldiatik gure babes osoa eskaini nahi diegu herriko tabernari eta ostalari guztiei, jakin badakigulako, momentu gogor hauetan ere, euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko prest egongo direla. Ekaitzaren ondoren etorri ohi da barealdia eta orduan ere Euskaraldia bertan izango da zuekin batera, euskara ere gure eguneroko ohitura bihurtzen saiatzeko.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen