Arrasateko eta Debagoieneko anbulantzia ‘medikalizatuak’ ez zuen medikurik. Anbulantziak 40 minutu inguru behar izan zituen lasterka Tolosatik Biterira iristeko. Arrasateko Ospitaleko ESK sindikatuak ere salatu du Debagoiena osoak ez duela medikudun anbulantziarik izan ekainaren 22, 24, 26 eta 27an egunez. Mediku falta helikopteroaren zerbitzura ere iritsi da. Sindikatuak Osakidetzako zuzendaritzaren eta EAJ-PNVren jokabideak salatu ditu.
ZIU Mugikorreko Anbulantzia edo anbulantzia medikalizatua Arrasateri eta Debagoiena osoari zerbitzua ematekoa da.
Anbulantzia publiko bakarra da eskualdean, Oñatin du egoitza, eta Osakidetzako zuzendaritzak kudeatzen du.
Alabaina, beste behin, ekainaren 21ean ez zuen medikurik izan eguneko txandan, hau da, 9:00etatik 21:00etara.
Kontuan hartu behar da denbora tarte horretan pertsona bat hil zela sute baten ondorioz Biteri plazako etxe batean.
Ondorioz, Tolosa inguruan zerbitzua ematen duen ZIU anbulantzia bat Tolosatik etorri behar izan zen, lasterka, 40 minutu ingurutan.
Larrialdi-zerbitzuek sutearen abisua arratsaldeko 18:25 aldera jaso zuten eta Tolosako anbulantzia 19:05ean iritsi zen Biterira.
Kontuan hartu behar da Tolosa Arrasatetik 46’9 kilometrora dagoela.
Beste anbulantzia bat lehenago iritsi zen Biterira [goiko bideoan ageri dena], baina anbulantzia horrek ez du medikurik.
“Anbulantzia honek bi teknikari ditu baina medikurik ez”, azaldu du Arrasateko Ospitaleko ESKak, Oinarrizko Bizi-Euskarrikoa baita.
Zerbitzu hau enpresa pribatu batek eskaintzen dio Osakidetzari, eta Aretxabaletan zein Bergaran ditu egoitzak, eskualde honi dagokionez.
Hurrengo egunean ere, ekainaren 22an, hutsunea errepikatu zen: Osakidetzako zuzendaritzak ez zuen medikurik jarri ZIU mugikorrean.
“Bihotz-biriken gelditze bat izan zuen 50 urteko emakume batek Bergaran. Elgoibarko ZIUa joan behar izan zen”.
Mediku falta helikopteroaren zerbitzuan ere izan da: Osasun-zerbitzuetako “helikopteroak ez zuen ekainaren 23an medikurik izan, Urioste UVIa kubritze aldera”.
Gainera, “ekainaren 24an, 26an eta 27an Arrasateko eta eskualdeko ZIU anbulantzia mediku barik izan da eguneko txandan”.
Arrasateko Ospitaleko ESKak gaitzetsi du Osakidetzako zuzendaritzaren eta EAJ-PNVren jokabideak, “pertsonen bizitza arriskuan jartzen” dutenak.
Erlazionatutako albisteak:
Pertsona bat hil da Biteriko etxe bateko sute baten ondorioz
2024ko ekainaren 21ean argitaratutako albistea
Gauean Osakidetzako anbulantzia ‘medikalizatuak’ ez du medikurik izango, Korrikan DYA izango da
2024ko martxoaren 22an argitaratutako albistea




Eusko Jaurlaritzarako hauteskunde kanpainan, EAJk ez zuen esaten Osakidetza hobetuko duela? pertsonen bizitzaren kostuarekin egiten du? edo hori da oposiziaren errua da?