Gorostiza (Malbinak) eta komentuaren artean zabaldu da sua arratsaldeko 16:30ak aldera. Suhiltzaileek sugarrak itzali dituzte.
Bideoak eta argazkiak: Bi herritar eta Mondraberri.
Sutea Gorostiza auzoaren eta komentuaren artean piztu da 16:30 aldera, badirudi sastraka batzuk erretzen ari zirenean.
Ertzaintzak azaldu duenez, su hori kontrolpetik ihes egitean hasi da gertakaria. Ondorioz, inguruko zuhaitz eta larre batzuk kixkali dira.
Baita komentua ohiaren berdegunearen zati batzuk ere. Komentuko eraikinak badaezpada hustu behar izan dute, bai erlijiosoak, baita gune horretan bizi diren bestelako bizilagunak ere.
Gorostiza auzoko Maitena kaleko atari batzuk ere hustu behar izan dituzte, menditik hurbilen daudenak. Ke ugari aireratu da, eta sugarrak kale horretako gasaren gune batzuetara iristear egon da.
Udaltzaingoak sutearen ingurua akordonatu du. Arratsaldeko 17:35 aldera suhiltzaileek abisua jaso dute eta bertaratu egin dira, hain justu, Zubillagako eta Legazpiko suhiltzaileen lau ur-kamioi.
Ertzaintzaren patruila batzuek eta Aldundiko basozainek ere bertan jardun dute. Sugarrak Malbinetako atzealdeko etxeetatik hurbil zeudenean itzali ahal izan dituzte suhiltzaileek.
Badirudi ez dela pertsonen artean zauriturik izan. Momentuz bertan jarraitzen dute lanean larrialdi-zerbitzuek.






