Goienagusik antolatuta, Susana Mangana arrasatearrak “Emakumea, bizitza eta askatasuna: Irango matxinadak eta horien ondorio sozial eta politikoak” hitzaldia eskaini du gaur goizean Kulturate areto nagusian.
Manganak Iranen bizi den barne egoera larria aztertu du, irailaren 16an Mahsa Amini gazte kurdu-irandarraren heriotzak eragin zituen manifestazioen ondorioz herrialdeko 155 hiri baino gehiagotan izandako protestekin. Gainera, Irango herriaren altxamendu horren zergatia azaldu du, baita matxinada horiek aurrekoekin alderatuta zergatik aldatzen diren ere.
Manganak hitzaldian azaldu duenez, “2022ko irailaren 16tik Iranen egiten ari diren mobilizazioen eragilea Mahsa Amini gazte kurdu-irandarraren heriotza izan bada ere, batez ere mugimendu feministek bultzatuta, herrialdeak bizi duen egoera ekonomiko txarraren ondorioz, gizartearen zati handi batek mobilizazioekin bat egin du. Herrialde aberatsa izan den arren, petrolio asko duen arren, populazioa nazkatuta dago gobernuek herrialdeko aberastasuna xahutzeaz.”
Gogoratu behar da Mahsa Amini Irango Moralaren Poliziak emandako jipoiaren ondorioz hil zela, beloa ondo ez eramateagatik atxilotu ondoren. “Iranen matxinadak piztu zirenetik 30.000 pertsona atxilotu dituzte; 700 pertsona hil dira, tartean Mahsa Aminiren heriotzagatik protesta egiteko beloa kendu zuten emakume asko; dozenaka exekuzio, tortura, emakumeen bortxaketa eta haur eta gazteen hilketa gertatu dira.”
Susana Mangana
Susana Mangana 1969an jaio zen, Gasteizen, baina Arrasaten bizi izan zituen haurtzaroa eta gaztaroa. Doktorego-ikertzailea da Deustuko Unibertsitateko (Bilboko campusa) Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuan, eta eskolak ematen ditu unibertsitate bereko helduentzako Deustobide programan. 2006tik Uruguaiko Unibertsitate Katolikoko Islamaren eta Mundu Arabiarraren Katedra Iraunkorra zuzentzen du, eta Londresko Unibertsitatean lizentziaduna da Nazioarteko Ekonomian eta Arabiar Filologian. Astero kolaboratzen du Radio Euskadiko Distrito Euskadi irratsaioan.