SUIZIDIOAREN DOLUA ETA PREBENTZIOA AZALDU DITUZTE BIZIRAUNEKO PARTE-HARTZAILEEK

0
2746

Eva Bilbaok, Begoña Vesgak eta Agustin Erkiziak euren ezagutzak partekatu dituzte hitzaldian, eta ‘Iluntasunetik argitasunera’ dokumentala aurkeztu dute.

Ikus-entzunezko lan honek suizidio baten ondorengo dolu-prozesua du ardatz, Biziraun elkarteak ekoitzita.

Gaur arratsaldean Kulturaten proiektatu da San Felipe Elkarlaguntzak eta Amaidolua elkarteak antolatuta, Arrasateko Udalak babestuta. Ekitaldiaren ostean hiru parte-hartzaileek ondorengo mezuak adierazi dizkigute:

Eva Bilbao:

“Guztiok eraldaketa-agenteak gara suizidioaren prebentzioan. ‘Guztiok’ esatean esan nahi dut Osasuna, Hezkuntza, gurasoak, komunitatea, edonor”.

“Izan ere, edonork nabaritu dezake adibidez bizilagun bat ez dela azkenaldian etxetik irteten, eta baliteke bizilaguna egoera txar batean egon. Horrelakoetan deitu bere etxera eta galdetu ea zer moduz dagoen”.

“Norbaitek ideia suizida bat espresatzen badigu, kasu egin behar diogu, eta lagundu behar diogu dagokion tokira: Osakidetzara, osasun-zentroetara, lehen mailako arretara, pediatriara (Osakidetzak badu web-orri bat: https://osasuneskola.osakidetza.eus/es/medialib/html/suizidioa )”.

“Garrantzitsua da lagunek nabaritzen badute pertsona batek ideia suizida daukala, abisua eman diezaietela beren gurasoei. Hori faktore prebentibo bat da”.

“Ideia suizida esaten duen pertsona heldua bada, Osakidetzako familia-medikura joan behar da. Mediku honek egoera aztertuko du eta bideratuko du”.

“Pertsona baten bizitza arriskuan badago, senideek edo beste herritar batek larrialdi-zerbitzuetara joaten lagundu behar dugu. Beti laguntza eskatu”.

Begoña Vesga:

“Familia batek edo senide batek pertsona maitatu bat suizidioagatik galtzen duenean, horrelako egoera hain gogor batean, laguntza eskatu behar du”.

“Niretzat baliagarriak izan dira Biziraun elkarteko elkar laguntzeko taldeak. Nire alabak ere terapia indibiduala egin zuen, erreminta gehiago behar zituelako”.

“Niretzat baliagarriak izan dira egoera berdinean egondako pertsonekin egotea, espazio lasai batean, ulertua sentitzen zaren tokian, negar egin nahi baduzu negar egiten duzun lekuan, zure prozesu emozionala beste pertsona batzuekin partekatuz. Izan ere, egoerak ezberdinak izan arren, sentimenduak oso antzekoak dira. Aukera baliagarri hau zabalik dago”.

“Marcos nire semea hil zenetik zortzi urte igaroko dira, eta dolu prozesu handia izan da. Nik uste dut posible dela balorazio positiboa egitea, bera nirekin egondako urte guztiak baloratuz”.

“Era berean, ez zaitzala bere amaierak markatu, hau da, gozatu berarekin izandako une on guztiak gogoratuz. Baita oro har berarekin partekatutako bizitza, eta zure bihotzean leku bat egin”.

“Horiek egitean, nik uste tunelaren amaieran argia ikusten dela, dokumentalak transmititzen duen bezala”.

“Tsunami emozionalari bakarrik aurre egitea oso zaila da, agian pertsona batzuk oso ausartak dira hori egiteko, baina nik laguntza handia jaso dut Bizirauneko familiek elkar laguntzeko taldeetan”.

Agustin Erkizia:

“Nik uste hitz egin beharrekoa dela, azken urteetan geroz eta gehiago hitz egiten da, izan ere, isiltasunaren politikak, jarrera horrek, ez du egoera konpondu”.

“Beraz, aldaketa bat behar da, justu kontrakoa egin behar da. Guk gure elkartean ikusi dugu hitz egiteak, elkar ulertzeak onurak baino ekartzen dituela”.

“Ondorioz, hitz egin, noizbait ‘normaltasunez’ aipatu dugu, ez dakit zer den normala, eta jabetzen naiz gai gogorra dela, zaila eta konplikatua, tartean heriotza dagoelako, eta heriotzen artean suizidioa gogorrenetarikoa izan daitekeelako, baina apurka-apurka bada ere, honetaz hitz egin behar dugu”.

“Azken urteetako bilakaera ikusita, jabetzen gara ikastegietan edota udaletxeetan hitz egiten dela. Bide onetik goaz jakinda gai zaila dela, hitz egitea beharrezkoa da”.

Informazio zabalagoa: biziraun.org

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen