Arrasate Blues jaialdiaren larunbateko egitaraua gorenera iritsi da gaur gauean, Sugaray Rayford & The Travelling Brothers taldearen kontzertuarekin. 22:30etan, Herriko Plaza bete-betean, estatubatuar abeslariak publikoaren erabateko arreta bereganatu du.
Rayforden ahots indartsua, eszenatokian duen presentzia handia eta Travelling Brothers musikarien maila aparta elkartu dira kontzertu ahaztezina sortzeko. Jendetza bildu da kontzertura, plaza bete arte, eta lehen minututik giroa piztu du: jendea dantzan, txalo artean eta blues doinuetan murgilduta. Gaurkoa egun handia izan da jaialdiarentzat, eta bluesak bihar jarraituko du Arrasaten.










