“Sutea okertzen ari zela ikusi genuen, eta ezin genuen ezer egin” azaldu digu Gorostizako Mikel bizilagunak. Sua gasarekin kontaktuan jartzea “oso zaila dela azaldu digute” gehitu du Elenak “baina auskalo”. Auzotarrek neurriak eskatu dituzte. Suhiltzaileek bart berpiztutako suak itzaltzen jarraitu dute.
Herenegungo sutea Maitena kaleko gasaren esparru batera iritsi zela ikusi ahal izan dugu. Zehazki, eremuaren gainaldean dagoen belarrera. Hala ere, litekeena da suak gasarekin kontakturik eduki ez izana.
Bizilagunei azaldu izan dietenez, “esparru horiek sutearen aurka prestaturik daude”, baina normala denez, bizilagunak ez dira guztiz fio.

Atzo arratsaldean su gehiago piztu ziren erretako eremuan, eta suhiltzaileak bertaratu behar izan ziren gutxienez bi kamioitan.
Langile hauek gauez lanean jarraitu dute, eta bart azaldu digutenez, 3 gunetan lan egin dute, lurra ureztatzen. Azaldu dutenez, erretako lurretan “ezin da herenegungo sute bat bezalako bat berpiztu, eta berpizten diren garrak itzaltzen dihardugu”.

Bien bitartean, hainbat auzotar kezkaturik kalera atera dira, eta lanak hurbildik jarraitu dituzte, horien artean Elena eta Mikel bizilagunak:
Mikelek azaldu digu herenegun arratsaldean “kalera irtetean, bizilagun batek esan zidan sute bat zegoela, eta larrialdi-zerbitzuei abisua eman zitzaien”.

“Hasieran garrantzi gutxiko su bat zirudien baina egoera okerrera egin zuen, eta ordu erdi batean garrak etxeetatik nahiko hurbil zeuden. Bertatik urruntzen joan ginen, bai zentzuzkoa zelako, baita Ertzaintzak hala aginduta ere”.
Zubillagako suhiltzailaileen bi kamioiak komentu ingurura igo ziren sutea itzaltzera, baina “auzotarrok hemendik (Maitena kale ingurutik) ikusten genuen hemen sutea okertzen ari zela”.

Horren aurrean “inpotentzia sentitu nuen, ezin nuen lagundu eta gunea akordonatu zen. Maitena kaleko zuhaitzek su hartu izan balute, egoera are okerragoa izango litzateke”.
Legazpiko suhiltzaileak ere etorri ziren “badirudi, arazo bat egon zela erreten nahikorik ez zegoelako, eta hori ulergarria da hein batean. Baina esan behar da hasieran ez zutela bertan dagoen ureztatze-ahoa baliatu, eta horrek auzotar eta herritar bezala molestatu ninduen”.
“Nik azaldu nien bertan baliabide hori zutela, eta egia da ere handik denbora batera ureztatze-ahoa baliatu zutela. Eurak dira gai hauetan profesionalak”. Oro har, “suteak beldurra eragiten zuen, eta bizilagunak presaka ibili ziren. Sugarrak oso altuak ziren”.
Garrak gasaren eremuetako batera sartu ziren, baina “pentsatu nahi dut gune hori suteen aurka prestaturik dagoela. Atzo azaldu zigutenez, oso zaila da sua gasa dagoen tokira iristea, baina auskalo – adierazi digu Elenak-. Horrek ere beldurra eragiten digu”.
“Okerragoa izango litzateke sutea Kanpazarrerantz ere hedatu izan balitz. Zuhaixka, sastraka eta zuhaitz ugari daude inguru horretan. Gainera lurra lehor dago eta hego haizea ibili dabil”.
Herengun gauean “nik eta alabek ezin izan genuen lorik egin, gertatu zitekeenari adi, eta erre usaina hedatuta zegoela”.
Larrialdi-zerbitzuen lanari esker “egoera nabarmen hobetu zen, eta horrek lasaitu egin gintuen hein batean”. “Gorostiza inguruko basoa ederra zegoen, eta erretzen ikusteak negargurea eragin zidan”.
Holakorik berriro ez errepikatzeko, bizilagunek eskatzen dute “kontrol handiagoa jar dadila sastrakak erretzean edota parrilladak egitean. Agian, toki zehatz eta kontrolatu batzuk prestatu behar dira soilik bertan sastrakak erre ahal izateko. Bestela, begi-bistakoa da sua kontrolpetik joan daitekeela”.