Sexologia Zerbitzuak 25 urte: “sexologia osasuntsu eta zabalagoaren alde”

0
498

Udal-zerbitzu hau kalera aterako da aurten ere GIBaren Aurkako Borrokaren Mundu Egunean, asteazken honetan.

Argazkia: MB artxiboa / Kartela: Udala.

Urtero legez, azken 25 urtetan egin den bezala, abenduaren 1eko eguna dela eta, Sexologia Zerbitzua kalera aterako da, sexualitate osasuntsu eta zabalago bat aldarrikatzera.

Helburuak argiak izango dira: “herritarrei sexualitatearen gaineko informazioa helaraztea, gaixotasunen aurkako prebentzioa egitea, erasoen aurkako tresnak garatzea eta barneratzea, seme-alabekin heziketa sexuala hobetzea, sexualitate eta identitate anitzak plazaratzea, …”.

Honetarako, abenduaren 1ean, asteazkenean, 16:00etatik 19:30era karpa bat zabalik izango da Biteri plazan. Bertan, Udal Sexologia Zerbitzuko profesionalak herritarrak informatzen lan egingo dute.

Jolasak eta erronkak proposatuko dituzte, modu ludiko batean deskubritzeko sexualitateari buruz herritarrek zenbat dakiten eta sari ezberdinak izango dira.

Hortaz gain, gaur (astelehena) ipuin kontaketa izango da, 6 eta 10 urte bitarteko haurrentzat, Sexune elkarteko Itziar Saenz de Ojer-ek kontatuta. Arratsaldeko 18:00etan Kultuarteko Jokin Zaitegi aretoan.

Hala ospatuko du Arrasateko Sexologia Zerbitzuak bere 25. urteurrena. Zorionak Sexologia Zerbitzua!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen