Udal-zerbitzuak “bikote, guraso, ikasle, herriko eragileetako partaideen,… zalantzak argitzen ditu”. Zerbitzuarekin telefono, presentzialki, email, whats app,… bidez jar daiteke harremanetan. Atzo Biteri plazan izan zen, GIBaren Aurkako Nazioarteko Egunean, eta Aritz Resines Ruiz langilearekin izan ginen:
Zorionak 25. urteurrenagatik
Eskerrik asko, oraingo lantaldekook soilik bi urte daramatzagu Sexologia Zerbitzuan lanean momentuz, eta aurrez beste zenbait lankide aritu izan dira Sexologia Zerbitzuan. Horietako lehenak zerbitzuari duela 25 urte ekin zioten. Garaiak aldatuz doaz, eta guk lekukoa hartu dugu ikuspegi zabalago bat herritarrei helarazteko.
Zein dira herritarrek egiten dizkizueten galdera ohikoenak?
Askotan bikoteak etortzen dira euren zalantzak argitzeko, bikote arazoak dituztelako, adibidez ez dutelako elkar ondo ulertzen, pertsonetako bat puntu batean dagoelako eta beste pertsona beste puntu batean.
Gurasoek ere aholku bila etortzen zaizkigu, euren seme-alabei behar bezalako hezkuntza eman nahi dietelako, eta galdetzen ondorengoak galdetzen dizkigute:
Zein hizpide izan, noiz hitz egin euren seme-alabekin, nola,… Baita ea egokia den eurek berba egitea edo hobea den profesional batek egitea ere.
Hortaz gain, harreman oso onak ditugu herriko eragileekin, eurek kontsultara ekartzen dituzte euren taldeetan, elkarteetan,… zalantzak dituzten pertsonak, guk eurekin hitz egin dezagun.
Adibidez, Aspacerekin lan egiten dugu eta Aspaceko erabiltzaile batek sexologiaren inguruko zalantza bat badu eta animatzen bada, guregana etortzen da Aspaceko langile batek lagunduta, eta bere zalantzak argitzen dizkiogu.
Gainera, ikastetxeetan sexu-heziketa ematen dugu urtero, maila ia guztietan, eta ikasleek ere batzuetan euren zalantzak azaltzen dizkigute, eta guk argitzen dizkiegu.
Beraz, hiru hanka horiek dira nagusienak, eta horiez gain, nerabe batzuk ere etortzen dira, mekanikaren inguruko zalantzekin. Hau da, sexu partekatuaren inguruko zalantzekin.
Sexu partekatua iturgintza bezalakoa da: hoditeria, fluidoak,… Galdetzen digute ea itxura ona duen, ea adin horrekin egokia den, ea zein arrisku dauden (batez ere haurdun geratzeko),…
Hedabideekin ere lan egiten dugu, ikuspegi hau zabaltze aldera, komunikabideek baduzuelako gai honetaz gehiago jakiteko interesa.
Covidaren ondorioz zalantzak aldatu dira?
Zalantza motak ez, baina deskonfinamendu garaian jendea nahiko urduri atera zen kalera, eta egoera horretatik galdera gehiago jaso ditugu.
Izan ere, Covidaren inguruko eskaerak sakrifizioak egitea, pertsonekin ez egotea,… izan ziren eta guk hori, sexologo gisa, egoera oso latza dela ikusten dugu. Izan ere, gizakiok jakin badakigu elkar bizitza behar dugula.
Deskonfinamenduko asteburuan adibidez jende asko kalera behar horrekin kalera irten zen, nahiko antsioso. Egoera horrek kontsulta kopurua ugaritu zuen.
Hala ere, zalantzek ildo beretik jarraitu dute, pandemiak luzeegia izan ez denez, jendearen sexu-ohiturak ez ditu aldatu. 16 eta 18 urte bitarteko pertsonekin, ordea, lan egin beharko dugu.
Zenbat kontsulta erantzuten ditu Sexologia Zerbitzuak?
Bi astean behin herritar bat edo beste kontsulta presentzialetara dator, gu astelehen goizetan eta ostegun arratsaldetan bulegoan gaude.
Beste lanegunetan eskoletan dihardugu gehienbat, eta Aspacerekin, Nagusien Kontseiluarekin,… ere izaten gara. Euskaltegiarekin ere elkarlan bat martxan daukagu.
Bulegoan presentzialki 10-12 pertsonari arreta egiten diegu hilabeteko, eta hortaz gain zalantza ugari emailez eta telefonoz kudeatzen ditugu. Izan ere, jendeari oraindik lotsa pixka bat eragiten dio honetaz hitz egitea.
Astean 5-6 telefono dei jasotzen ditugu, emailez hiruzpalau,… Denera, astean 20 bat zalantza argitzen ditugu, gehienak telefonoz, beste batzuk emailez eta urrienak presentzialak dira lotsaren ondorioz. Jendea animatzeko kalera ateratzen gara, baita gu ezagutzera, informazio zabaltzera,…
Gaur adibidez kalera atera zarete, GIBaren Aurkako Nazioarteko Egunean.
Bai, zerbitzua historikoki kalera irten da egiazko informazioa helaraztera. Ekimen hori hasi zen GIB/HIESAren epidemia latzagoa zenean, hedatuagoa zegoenean. Ondorengo etapan nahiko kontrolatuta egon zen, eta orain belaunaldi berriek oso ondo ezagutzen ez dutenez, arriskua neurri batean ikusten ez dutenez, GIB kutsatzeen kopuruak gora egin du, neurri batean izan den arren.
Horregatik gu pedagogia egiten ari gara, eta Covida pandemia bat izan den bezala, GIB/HIESA ere izan da, baina honen aurka jarritako inbertsio ekonomikoa ez da Covidaren aurka jarritakoa bezainbestekoa. Halako 100 gutxiago inbertitu da GIB/HIESAren aurkako borrokan.
Oraindik ez daukagu GIBren aurkako txertorik, eta guk ikerkuntza hori aldarrikatzen dugu. Kondoiaren inguruko mito asko daude eta jendeak bere osasunarekin gehiegi jolasten du.
Arriskua nahiko erraztasunez hartzen dute, eta guk animatzen ditugu erabakiak hartu aurretik bitan pentsa dezatela, ondorioetan pentsa dezatela. Guk hori aholkatzen diegu izutu barik.
Zerbait gehitu nahi duzu?
Bai, herritar guztiak animatzen ditugu gure zerbitzura bertaratzera, eta gurekin harremanetan jartzeko zenbait bide dituzte: emaila, telefono zenbakia, whats appa. Gainera, edozein elkartek nahi badu elkarteko kideekin sexualitateaz hitz egiteko, ikuspegia zabaltzeko,… bulegora hurbildu daitezke.
Horretarako ez da beharrezkoa arrasatearra izatea, izan ere, Arrasatekoa Euskadi mailan zerbitzu ia handiena da, onenetarikoa, eta hori edozeinek balia dezake. Arrasateko Udalak apustu oso indartsua egiten du Sexologia Zerbitzuaren alde. Hau Arrasatek duen altxor bat da, eta jende guztiak aprobetxatu beharko luke.