(Publierreportajea) Arrasateko Udaleko Sexologia Zerbitzuak 25 urte bete ditu abenduan. 1996an martxan jarri zenetik, helburuak argi egon dira: herritarrei sexualitateari buruzko informazioa ematea, gaixotasunak prebenitzea, erasoen aurkako tresnak garatzea eta barneratzea, seme-alabekin sexu-heziketa hobetzea, sexualitateak eta identitate anitzak zabaltzea, etab. Bide honetan, bikote, guraso, ikasle, udal-agente nahiz oro har herritarren zalantzak argitzen ditu.
Goiko argazkian: 2009an Sexologia Zerbitzuko Larraitz Arando eta HIESAren Aurkako Gasteizko Batzordeko bi kide, tartean Txerra Bolinaga, bi entitateek antolatutako ekimen batean.
Zerbitzu honek egoitza Biteri etorbidean dauka, Garibai Etxean hain zuzen ere. Zerbitzua Xelebreak enpresari esleitu zitzaion iaz, baliabide hori jendarteari hobeto bistaratzeko. Zerbitzuaren arduraduna Aritz Resines Ruiz da egun.
Aurrez aurreko arreta astean bi egunetan eskaintzen dute, astelehenetan 10:00etatik 13:00etara eta ostegunetan 16:00etatik 19:00etara. Era berean, telefono bidezko kontsultak egin daitezke (izan ere, gehien erabiltzen den bidea da) 943 25 20 66 zenbakira deituta, edo whats app bidez 747 402 140 zenbakira idatziz (gazteak dira aplikazio horretara gehien jotzen dutenak premiazko zalantzak argitzeko). Helbide elektroniko bat eskura dago, sexologiazerbitzua@arrasate.eus kontsultak bidaltzeko.

Mende laurden honetan jarduera ugari antolatu dituzte sexuari buruzko informazioa herritarrei modu atseginean hurbiltzeko: hitzaldiak, bakarrizketak, ipuin erotikoak, antzezlanak, tailerrak,… Jarduera hauetako asko beste zerbitzu batzuekin batera antolatu dituzte, hala nola Emakume Txokoa edota Gazte Bulegoa. Aspace bezalako elkarteekin ere lan egiten dute eta ikastetxeetara bisitak egiten dituzte egunerokotasunean.
Baina, zalantzarik gabe, zerbitzua urtez urte leiala zaien bi ekitaldi nabarmentzen dira: Uztailean, Gazte Bulegoarekin elkarlanean, zerbitzua kalera ateratzen dute, informazioa gazteenei hurbiltzeko. Abenduan, GIBaren aurkako Nazioarteko Eguna dela, kalera irteten dira berriz. Aritz Resinesek azaldu duenez, “ekimen hau GIB/HIESaren epidemia larriagoa eta hedatuagoa zenean hasi zen. Ondorengo etapan nahiko kontrolatuta egon zen, eta orain belaunaldi berriek oso ondo ezagutzen ez dutenez, arriskua neurri batean ikusten ez dutenez, GIB kutsatzeen kopuruak gora egin du, neurri batean bada ere”.

Bulegoak 10-12 kontsulta presentzial jasotzen ditu hilean, baina zalantza asko kudeatzen ditu emailez nahiz telefonoz. Astean bospasei telefono dei jasotzen dituzte, baita hiruzpalau email ere. “Izan ere, jendeari oraindik lotsa pixka bat ematen dio honetaz hitz egiteak”. Zorionak 25. urteurrena posible egin duten guztiei!

