Sexologia Zerbitzua kalera atera da kontzientziazio lanak egitera

0
460

Asteartean GIB/Ihesaren Aurkako Mundu Eguna izan zen, eta hortaz gain Udaleko Sexologia Zerbitzua berriro abian da. Hauetan oinarriturik, atzo udal-zerbitzuko langileak kalera atera ziren, herritarrek zerbitzuaz gehiago jakin zezaten eta “batez ere kontzientziazio lana egiteko, tailerren bitartez”, Leire Gonzalez sexologoak azaldu bezala.

Plazaratutako informazioa GIBaren, infekzioen eta antisorgailuen ingurukoa izan zen, baina baita plazerraren ingurukoa ere, “izan ere, ez genuen sexua kutsu negatiboarekin aurkeztu nahi”.

Orokorrean, “gure asmoa da sexualitatea lantzea pertsonen arteko harremanak hobetu daitezen”. Lan horretan ere Aritz Resinesek dihardu.

Atzo informazio-mahaira bertaratu ziren herritarrek “denetarik galdetu digute, batez ere kontsultagai jarri dugun materialaren inguruan, GIBaren inguruan, antisorgailuen inguruan. Adin ezberdineko pertsonak bertaratu dira, haurrak adibidez jakingura”.

Arrasateko Sexologia Zerbitzuak azpimarratu du “sexua koitoa baino gehiago dela: harremanak dira, orientazioak, gustuak, plazerrak, desioak,… Hala, jendea animatzen dugu Sexologia Zerbitzua ezagutu dezan, eurak laguntzeko prest gaituzte”.

Garapen Komunitarioko zinegotzia Maitane Muñoz ere Biterin izan zen, eta nabarmendu zuen “sexua oraindik tabu bat bezalakoa dela. Horren aurrean Zerbitzua kalera atera dugu, herritarrek ezagutu dezaten, zer eskaintzen diegun jakin dezaten,… tabuak eta etiketak gainditzeko. Laguntzeko gaude”.

Sexologia Zerbitzuaren bulegoa zabalik dago Biteriko eraikinean (Gazte Bulegoaren gaineko solairuan) astelehenetan 10:00etatik 13:00etara eta ostegunetan 16:00etatik 19:00etara.

Herritarrek galderak, zalantzak,… whats app bidez ere egin diezaiokete, izan ere, bide hau “errazagoa izan daiteke hasieran herritarra Zerbitzuarekin harremanetan jartzeko”.

Emaila ere erabilgarria da (sexologia@arraste.eus) baita telefonoak ere: 943 25 20 66 / 747 40 21 40.

Sexuaren inguruko heziketa “adin guztietan garrantzitsua da. Egun adingabekoak pornografia oso gaztetatik kontsumitzen hasten dira, eta pornografia ez da egiazko informazioa edo heziketa. Areago, kalte asko eragiten ditu”.

Helduentzat ere zerbitzua eskaintzen die: “Bikote batek denbora luzea elkarrekin daramanean, prozesu ezberdinetatik pasatu ohi dira, eta hauentzat ere aholkularitza eskaintzen dugu”.

“Helduek batzuetan uste dute dena dakitela, eta ondorioz galdetzeko joera txikiagoa daukate. Kontuan hartu behar da helduek ikasitako gauza batzuk okerrak direla”.

Orokorrean, “oso garrantzitsua da norberak sentitzen duena profesional bati kontatzea, profesional batekin kontrastatzea. Horrela pertsonak jakin dezake zerk egiten dion min, zer ez den egokia berarentzat,… arazoa konpontzeko”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen