Sergio Serranok berak landutako Arrasateko kirol-proiektua aurkeztu du

6
2724

Herrian kirol-instalazioak berritzeko beharra dagoenez, Sergio Serrano oñatiar-arrasatearrak proiektu propioa garatu du. Arrasateko Udalak herriarentzako kirol proiektu bat garatzeko prozesu parte-hartzaile bat abian jarriko duela iragarri duenez, Serrano berea publiko egitera animatu da.

“2012an hasi nintzen proiektua garatzen, udalerriko kirol-instalazioak hobetzeko beharrari buruzko lehen iruzkinak egin zirenean. Orduan ez zegoen lantalderik eta egitasmo propio bat garatzera animatu nintzen”.

Udako oporrak baliatuta, ideiak bildu eta eredu desberdinak ezagutu zituen, batez ere, igerilekuei arreta jarriz. Igerilekuei dagokienez, “batez ere alde ludikoari eta segurtasunari erreparatu nien. Hori da beste proiektu batzuei gehien erreparatzen diedana”. 6 urte eman zituen landa-lanean, eta 2018ko azarotik 2019ko maiatzera proiektuari forma ematen aritu zen.

Proiektua idatzi ondoren, Donostian Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak segurtasunari buruz emandako ikastaro batean izan zen. “Segurtasunari buruzko zatia berriz idatzi behar izan nuen, eta horrek proiektuaren aurkezpena atzeratzea ekarri zuen. Nire asmoa 2019ko maiatzean Udalari ematea zen”. 2019ko otsailean, Udalak kiroldegiaren proiektua aurkeztu zuen, Kulturaten eta Musakola Kiroldegian ikusgai egon zena.

2019ko urrian, azkenean, Udal Gobernuari aurkeztu zion proiektua, baita Udaleko gainerako alderdi politikoei ere. “Espero nuen nolabaiteko erantzuna jasotzea, baina bitartean Covid pandemia lehertu zen, eta dena gelditu zen”.

Udalak prentsaurrekoan kirol-instalazioak hobetzeko proiektua berriro martxan jartzen ari zela adierazi ondoren, udaren ostean, Udalarekin harremanetan jartzea erabaki zuen, “baina jaso nuen erantzun bakarra ondokoa izan zen: ‘desberdina eta interesgarria’. 7 urtez proiektu honetan lanean aritu ondoren, ez nuen nahi proiektua tiradera batean gorderik geratzea”. Ondorioz erabaki zuen bere proiektua publiko egitea: “Proiektua argitaratuz, nire asmo bakarra da arrasatearren proiektuarekiko interesa piztea, herritarrek proiektua deskargatzea, irakurtzea eta iritzia sortzea”.

Bere proiektua diseinatzerakoan, Serranok kontuan izan du egungo kiroldegiko instalazioak faseka eraiki direla: padel eta tenis pistak, Mojategi,… “Nire ustez, ondo dagoena mantendu egin behar da, izan ditzakeen arazo txikiak konponduz. Gobernu taldeak aurkeztutako proiektuan instalazio guztiak botatzen ziren berriro eraikitzeko. Nire proiektuan, gaizki dagoena botatzen dut, eraikin nagusia adibidez, eta espazio hori aprobetxatzen dut behar diren instalazioak eraikitzeko”.

Antoñaren kasuan, eraikina botatzea ezinezkoa denez, hezetasunak kentzea, eraikina beirate handien bidez kanpora zabaltzea eta banaketa aldatzea planteatzen du. Halaber, hezegunearen eredua aldatzea proposatzen du:

“Proiektu mistoa litzateke, igerileku estali batekin eta aire zabaleko solariumarekin. Kontuan hartuta hemen dugun klima eta kanpoko igerilekuen espazioa alperrik galtzen ari dela urteko 9 hilabetetan, badirudi hori egokiena dela. Era berean, igerilekurako erabiltzen ez diren hilabeteetan herriari irekita egoteko aukera zabalduko litzateke”.

Arrasaten igeriketa terapeutikoa martxan jartzeko beharra ere planteatzen du: “Proiektu hau Osakidetzarekin lankidetzarekin abiatu liteke, igerilekuaren zati bat ebakuntza batetik errekuperatzen ari diren pertsonak errehabilitatzeko erabiliz”.

Proiektu osagarri gisa, Serranok topalekuen sare bat planteatzen du, adibidetzat gaztetxeak edo ludotekak hartuta. “Musakolako kiroldegian egongo litzatekeenaz gain, beste bat egitea proposatzen dut erdialdean eta beste bat San Andresen. Helduentzat zein haurrak dituzten familientzat sozializazio-leku gisa baliatzeko”.

Proiektuak herriko beste kirol-instalazioen diagnostikoa ere jasotzen du, baita euren inbentarioa ere. “Nire proiektuan instalazio horiek mantentzen dira, baina beharrezkoak diren hobekuntzak eginez”.

6 IRUZKIN

  1. Pasada bat da lan hau. Zorionak eta bejon deizula!
    Itzela litzatele Sergio bezalako altxorrak Udaletxeko kirol mahaietan parte hartzen egotea.

    Udalak saldu zuen proiektu faraoniko hura fantasmada bat dela onartu ordez, hamaikagarren azpikontratazioaren bitartez kirol azpiegituren lanketa martxan jarri du hauteskundeetako tongoa ahaztu dezagun.

    Proiektu hau landu zuela jakinda, jakin bazekitelako, tamalgarria eta sinestezina da azpiegituren lanketa honetan Sergiok ez parte hartzea. Zozketa bitartez erabiltzaileak, baita kirolariak ez direnak ere, deitu dituzte eta maila honetako proposamena landu duen kiroldegiko langile bat, kanpoan utzi?. Baina noren esku gaude??
    “EUSKADI, AUZOLANA” esaten dute, baina PNVren politika ezin da egon auzolanetik urrutiago.

  2. Zorionak Sergio!
    Lan itzela! Arrasatear guztiok zoriontzekoa, azken finean herriarentzako eta herrira begirako lana! Pena arrasateko udalak Zu moduko jende baliagarria Ez kontuan hartzea!

  3. Zorionak SERGIO zure lanagatik. Hau da pentsamendu-buruek zure lana kopiatzeko eta haien ideiak emateko aukera.

  4. Arrasatearroi egiten diguzun ekarpena mundiala da! Zorionak eta eskerrik asko. Nire ustez egitasmo hau oso landua dago eta oinarri izan daiteke jendeak irakurri (eta alderdi politikoetakoak noski) eta ekarpenak egiteko. Herritarren parte hartzearen goiengo mailako praktika iruditzen zait.

  5. A ze lana!! Eta hau guztia kajoi batean sartzea pentsatua zuten? Benetan, zinegotziek, alkateak etabar ez dute lotsarik.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen