Udalak azpimarratu du “seme-alabei hazten laguntzeko, garrantzitsua dela haien ondoan egotea, entzutea eta egunerokoan sortzen diren egoerei elkarrekin heltzea”. Horretarako, Udalak ikastetxeekin, ‘Txatxili’kin, LEK eta San Juan de Dios Ospitalearekin, saioak antolatu ditu beste behin, hain zuzen, LH 5. eta 6. mailetako ikasleen familientzat, EKKO programaren baitan.
Beheko testua, irudia eta artxiboko argazkia: Udala.
EKKO (Eskola-Komunitatea-Kirola-Osasuna) programaren barruan, ikasturte honetan autoestimua eta komunikazioa lantzen ari dira LH 5. eta 6. mailetako ikasleekin. Familia-saioetan, gurasoek bakarrik edo seme-alabekin batera parte hartu ahal izango dute, dinamika eta jarduera praktikoen bidez.
Nola lagundu diezaiekegu seme-alabei beren buruarengan konfiantza izaten? Nola komunikatu haiekin? Galdera horien inguruan hausnartzeko eta esperientziak partekatzeko aukera eskaintzen dute saioek. Izan ere, haurren gizarte-trebetasunak eta ongizatea indartzeko, funtsezkoa da egunerokoan lantzen diren harremanak eta balioak zaintzea.
Arrasateko Udalak familiak saio hauetan parte hartzera animatu nahi ditu.
SAIOEN INFORMAZIOA
- Datak: azaroaren 23tik 26ra.
- Lekua: Gaztelekua (Nafarroa etorbidea 12B, tren geltoki zaharra).
- Iraupena: ordu eta erdi.
- Izen-ematea: azaroaren 18ra arte.
Saioa aukeratu eta izena eman: izenemateak.arrasate.eus edo 943 25 20 00 telefonoan.





