“Sekulako giroa bizi zen, ez zirudien Sevilla, euskaldunez betetako hiria zen”

0
1116

Larunbatean Errege Kopako finala jokatu zuten Athleticek eta Mallorcak Sevillan. Andaluziako hiriburuan 40.000 athleticzale baino gehiago bildu ziren, eta zaleen gunean kontzertu ugari eman ziren Oxabi, Henry Mendez edo Doctor Deseo bezalakoak zaleak animatzeko. Horien artean, OXABI talde bizkaitarrean, Jurgi Iraola Arriaran tronboi jole arrasatearra dugu, bizitako esperientziaren berri eman diguna. Athleticek Errege Kopa altxatzea lortu zuen 40 urteren ostean penaltietan gailenduta.

Nolakoa izan zen Athleticek Sevillan jokatu zuen finalaren aurretik zaleen gunean jotzearen esperientzia?

Itzela izen zan Athletic-eko zaleen gunean kontzertua eskaintzea. Sari bezala hartu dugu eta inoiz errepikatu ezin izango den esperientzia bat. Gainera, oso berezia da Athleticek 40 urteren ondoren finala irabaztea eta zale askoren oroimenean geratuko den une baten parte izatea. Gainera, bizitza osorako oroimenean geratuko zaigun esperientzia bat izan zen.

Nola deskribatuko zenuke Athletic-eko zaleen arteko giroa?

Giro itzela bizi zen, ez zirudien Sevilla. Euskaldunez betetako hiri bat zen, zuri gorriz jantzitakoa. Euskal Herrira furgonetan itzultzen, taldeko kideok komentatu genuen ez genuela Mallorcako zalerik ikusi.

Nola prestatu zineten hain garrantzitsua den ekitaldi batean?

Kontzerturako prestaketak, logistikoki asko eskatzen duen kontzertua zen eta planifikazio aldetik oso ondo prestatutako kontzertua izan zen. Hiru asteetan zehar gure entsegu lokalean entseguak egiten aritu ginen. Kontzerturako, taldekideak ostegunean irten ziren Bizkaitik eta Sevillara abiatu ziren. Ostiral goizean iritsi ziren Sevillara, eta arratsaldean soinu-probak egin zituzten. Azkenik, larunbat goizean, partidu eta kontzertuaren egunean bertan iritsi nintzen bidaia batetik. Goizean beste soinu-proba bat egin genuen dena ondo zegoela ziurtatzeko, eta hurrengoa ia kontzertu bat izan zen.

Partekatu dezakezu emanaldian zehar jarraitzaileen gunean bizi zenuen une gogoangarriren bat?

Athletic zaleen gunean, bizitako emozio sorta nabarmenduko nuke. Zale bakoitzak etxetik ekarritako emozio guztiak han elkartu ziren. Henry Mendezek abeslearekin ateratako argazkia oso berezia izan zen. Bera, “Tiburón” iritsi zenean denok harritu ginen, eta kontzertu on eta barregarria eskaini eta Sarri-Sarri abestia abestu zuen, oso berezia izan zen. Aipatzekoa da, Oxabiko taldekide bezala, asko batu gaituen bidaia izan dela, oso gutxitan biziko dugun bidaietako bat. Furgonetan gidatzen eta gidatzen emandako orduak oso politak izan ziren.

Azkenik, musika eta kontzertuaz gain, nola bizi izan zenuen finala?

Kontzertuaren presioa kenduta eta garagardo pare bat hartuta, partida ikusi ahal izan genuen VIP gunean. Berezi izan zen, besteak beste, Andoni Aretxabaleta (pilotaria), Ismael Urzaiz (Athleticeko jokalari ohia) edo Jon Maia (bertsolaria) bezalako pertsonak zeuden. Horien artean partida ikusteko aukera paregabea izan zen, gainera golak ospatzeko modua eta garaipena oso berezia izan zen.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen