Arrasateko enpresak eta berriztagarrien kooperatibak iragarri dute autokontsumorako proiektuan parte hartzeko “herritarrek ez dutela inolako inbertsiorik egin beharko”. Eredu honekin “merkatu elektrikoaren gorabeheretatik babestutako prezio finkoa lortzen da“. Aurkezpena Kulturateko Loramendi aretoan izango da urriaren 20an.
Lazkaoko Biziola eta Elgoibarko Etxepe proiektuen ostean, Auzoargi ekimena Arrasatera eta Aretxabaletara iritsi da.
Xedeetako bat bailaran lortutako eguzki-energiarekin “herritarrei 0 kilometroko energia berriztagarria eskaintzea” da.
Horretarako, Goiener energia berriztagarrien kooperatiba eta Arrasateko SEIN Industria Hornidura elkarlanean dabiltza.
Helburu nagusietako bat da “Debagoienean energia-burujabetza eta autokontsumo partekatua bultzatzea”.
SEIN Musakolan eta Arrasaten sustraitutako enpresa bat da, makina zein ekipo industrialen mantentze-lanak eta zerbitzu teknikoa eskaintzen dituena.
Proiektu berritzailea Ziorlako Etxagibel Notarioa kaleko SEINen eraikinaren estalkian jarriko da martxan.
“Elgoibarren, esaterako” adierazi du Goienerrek “Etxepe Mekanizatuen estalkian jarritako instalazioari esker, inguruko familiei bertako energia berriztagarria kontsumitzeko bidea eman zitzaien, hasierako inbertsiorik egin gabe”.
Parte hartu nahi duten herritarrek “ez dute inolako inbertsiorik egin beharko. Goiener arduratuko da instalazioaz, tramite guztietaz eta dagozkion kostuez”.
Horrez gain, “proiektuak ez du etxeko obrarik eskatzen, ohiko argindar sarea erabiltzen baita. Parte hartzeko baldintza nagusia instalaziotik 5 kilometroko erradioan hornidura kontsumo-puntua izatea da eta Goienerreko bazkide egitea”.
Eredu honekin “merkatu elektrikoaren gorabeheretatik babestutako prezio finkoa lortzen da, eta aldi berean ingurumenari eragin positiboa ekartzen zaio tokiko energia berriztagarria kontsumituz”.
Proiektuaren xehetasunak azaltzeko “eta bertaratutakoen zalantza guztiak argitzeko, aurkezpen-hitzaldia eta batzarra antolatu” dituzte:
Datorren asteartean, urriak 20, arratsaldeko 18:00etan Arrasateko Kulturateko Loramendi aretoan.




