Segurtasun neurriekin bozkatzera deitu dituzte 17.284 arrasatear

0
739

Domekako hauteskundeetan, Ferixalekuan ordez, Kulturaten egongo dira hautestontziak. Guztira Arrasaten 6 gune izango dira. Udalak gomendatzen du botoa etxetik prest eramatea, hautestokietan ez direlako gortinak egongo.

Beheko testua: Udala / Argazkia: MB artxiboa.

17.284 arrasatearrek dute igandean, uztailaren 12an, botoa emateko eskubidea eta sei hautesleku prestatu dira horretarako: Kulturate (Ferixaleku ordez), Etxaluze, Jokin Zaitegi, Institutua, Toki Argi eta Erguin.

Kulturaten hamar mahai egongo dira: horietatik sei ‘klaustroetan’ (11a, 11b, 12a, 12b, 13u eta 14u) eta lau areto nagusia (15a, 15b, 16a eta 16b).

Etxaluzen tabernan egongo dira hautesmahaiak, eta Institutuan harreran bi mahai eta jangelan beste bi egongo dira. Jokin Zaitegin, berriz, geletan egin beharrean, areto batean jarriko dira bozkatzeko mahaiak. Gainerako lokaletan espazioa bikoiztuko da segurtasuna bermatzeko. Bozkatzera joateko ondoko jarraibideak eta gomendioak hartu kontuan:

  • Maskarilla erabiltzea derrigorrezkoa da.
  • Bi metroko distantzia errespetatu beharko da.
  • Sartzerakoan eta irteterakoan eskuak gelarekin garbitu beharko dira.
  • Kabinetan ez da egongo gortinarik eta botoa etxetik prest eramatea gomendatzen da.
  • Etxean berrikusi errolda-txartela jakiteko zein den hautes-mahaia.

Bide batez, azken egunetan Gipuzkoan sortu diren COVID 19ko fokoak kontuan izanik Arrasateko Udalak adierazi nahi du “arduraz jokatu dezagun gure buruak eta besteenak zainduz”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen