Testua: ART
Iraila estreinatzearekin batera, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek 2020-2021 ikasturteko denboraldi-aurreko lehenengo lansaioa burutu dute astearte honetan, hilak 1. Urtea bezala, ezohikoa izan da, Mojategin eta Julen Barrutiaren gidaritzapean, gauzatutako aurreneko entrenamendua, non protagonista nagusia hartutako segurtasun neurriak izan diren, klub zuri-moreak sare sozialetan zintzilikatutako bideoan agerian geratu den bezala.
Modu honetan, eta opor aurretik aurreikusita zegoen bezala, Kanpanzar Arrasatek bere bide-orria jarraitu eta planifikatutako aurre-denboraldia burutuko du datozen asteetan, non entrenamenduak astearte eta ostegunetan izango diren 19:30ean hasita. Izan ere, egungo osasun egoera dela medio, Euskadiko Errugbi Federazioak abuztuaren 7an erabaki zuen “2. eskenatoki” delakora pasatzea eta, ondorioz, Euskal Ligen hasiera irailaren 20tik urriaren 11ra atzeratzea. Egoerak hobera egin ez eta agintariek 3. eskenatokira pasatzea erabakiko balute, txapelketen hasiera urte amaierara atzeratuko litzateke.
Kontuak kontu, eta aipatu bezala, Arrasate Errugbi Taldeko senior eta gazte mailako taldeak lanean dira jada. Lehen taldeko entrenatzaile eta klubeko kirol zuzendari Julen Barrutiak adierazitakoaren arabera, “litekeena da datorren astean 16 urtez azpikoak ere entrenatzen hastea, halere, hori oraindik erabakitzeke dago”. Aitzitik, agintarien aldetik baimena jaso ezean berdegunera salto egingo ez dutenak Errugbi Eskolako neska-mutikoak izango dira.