Udalak deskarga abiadura handituko du Arrasateko 11 lekutan. Horretarako, Europar Batasuneko dirulaguntza jaso du.
Udalak 2017an wifi publikoa jartzeko proiektu pilotu bat abiatu zuen. Hala, herritarrek 3 gunetan konektatu ahal izan ziren wifi publikora:
Arimazubi plazan, Garibai etorbidean eta Arano-Garcia Maisu-Maistrak kalean. 2019an sare horri ondoko lekuak gehitu zitzaizkien:
Arizmendiarrieta plazan, Biterin, Euskara plazan, Makatzenako jolas parkean eta Musakola kiroldegian.
Udalak Europar Batasuneko dirulaguntza bat lortzeko eskera egin zuen, eta 2018 bukaera – 2019 hasiera aldera Udalak Europar Batasunetik dirulaguntza bat jaso zuen. Europar erakundearen lehen deialdian.
Dirulaguntza lortu zuten ere Andoainek eta Zumaiak. Ordutik udalek proiektua behar bezala garatzeko denbora dute, adibidez telefonia konpainiekin hartu-emanetan aritzeko.
Prentsaurrekoa Iker Agirresarobe Udaleko Informatika lantaldeko arduradunak eta Anuska Ezkurra Udaleko Komunikazio arduradunak eman dute.
Wifi zerbitzu publikoa handituko eta zabalduko da. Horrela, goian aipatutako 6 gune horietan Mega 1eko abiaduratik 30 Megako abiadurara igaroko da. Hau da, 30 Megara igoko da konexioa:
- Arizmendiarrieta plazan
- Arimazubi plazan
- Biterin
- Euskara plazan
- Makatzenako jolas parkean
- Musakola kiroldegian
Gainera, 5 toki gehiagotan jarriko du wifi publikoa:
- Monterronen (parkean eta zelaian)
- Herriko plazan
- Seber Altuben
- Musakola kiroldegiko skate parkean
- Mojategiko harmailetan
Gune berri hauetan ere 30 Megako deskarga-abiadura izango da gehienez. Ondorioz, herriko 11 txokotan egongo da.
Helburua da “herri osoan, kalitate handiko” Interneterako sarbidea ematea “bai arrasatearrei, baita Arrasaten dauden pertsona guztiei ere”.
Gune horietako bakoitzean wifiaren kartel bat egongo da ikusgai, eta Iker Agirresarobek azaldu du herritarra, Internet erabiltzailea nola konektatu ahalko den:
“Herritarraren tableta, portatila edota mobilak detektatuko du wifi publikoa, ‘Arrasateko Udala’ izenekoa, eta erabiltzailea, lehen aldiz erabiltzean, erregistratu beharko da portal kautibo batean, euskaraz edo gazteleraz”.
“Herritarrari eskatuko zaizkio soilik bere izen-abizenak eta email helbidea. Sistema honek (beste sistema askok egiten duten bezala) herritarraren emaila konprobatuko du”.
“Identifikazio hori behin egitea nahikoa da bertako wifi gunean eta Arrasateko beste wifi publikoaren guneetan sarbidea izateko hurrengo saioetan”.
Iker Agirresarobek azaldu du Sareko erabiltzaile bakoitzak “jakin behar luke aparailu bakoitzak mac helbide berezi bat duela. Identifikazioa egiten da mac horren bitartez, eta telefonia konpainiak beharturik daude adieraztera mac helbide nori saldu dioten”.
“Segurtasun dispositibo bat da, eta epaile batek telefonia konpainia bati mac hori eskatuz gero, konpainia hori derrigortuta dago datu hori ematera”.
Europar dirulaguntzaren baldintzetako bat da “Udalak bere gain hartuko du wifi guneen mantentzea. Adibidez, konexioaren kostua, kableak konpontzea,… Adibidez, egun konexioaren kostua hileko 60 euro baino gutxiagokoa da”.
Beste bi baldintza dira “guneak gutxienez 3 urtetan egon beharko dutela funtzionamenduan, eta euren gutxieneko kapazitatea 30 Megatakoa izango dela”.
Europar erakundeak bere gain hartzen ditu “antena, instalazioak egitea eta beste gastu batzuk”.
Udalak hasieran wifi publikoa Vodafonekin jarri zuen, baina “lehiaketa ireki baten ondorioz, egun Euskaltelekin du akordioa. Orain arte Euskaltelek ez zuen gaitasunik zerbitzu hori emateko”.
Bide horretan, Makatzenako wifi publikoa “Vodafonekin jarraituko du, Udalak ez duelako auzo horretan eraikuntza publikorik, eta ondorioz, Euskaltelek ezin du zuntz publikoa hara eraman”.
“Antena bakoitzak 500 konexiori aldi berean zerbitzua eman ahalko die, hau da, kalitatea oso handia izango da.
Horrelako wifi irekietan erabiltzailearentzat ez da gomendagarria bere datu pribatuak jartzea. “Aireportuetan adibidez kontuz ibili behar da, hacker batek erraz suplantatu dezakeelako erakunde publiko baten wifia”.
“Hemen inguruan ez da halakorik ezagutzen, baina teknikoki posible da hori egitea. Dena den, wifi publikoetan beste erabiltzaileek ezin dituzte zure datuak ikusi (bankuko datuak esaterako). Etxean erabiltzea bezalakoa da”.
Arrasateko wifi publikoetako erabiltzaileen datu orokorrak, hau da, “izen-abizenak eta emailaren helbidea Udalak kudeatzen ditu”. Halaber, erabiltzaileak wifi publikoarekin idazten dituen mezuak “ez ditu Euskaltelek jasotzen eta ezin ditu gorde. Zerbitzariak, ordea, mezu horiek dauzka”.
5 gune berriak eta abiadura berria “maiatzaren erdialdean” abiatzea aurreikusten du Udalak.
Prentsaurrekoan Udalari galdetu zaio ea zertan den fibra optikoa Alde Zaharrean jartzeko asmoa. “Horretan aldaketarik ez dagoela” iradoki du.