Ikasturte berriaren atarian, Sasoibidek prest du urrian egingo dituen irteeren egutegia. Lehena ostegun honetan bertan, pertsona nagusien eguna aitzaki, Iturbide egoitzako egoiliarrekin egingo duten paseo alaia. Gainontzean, beste zazpi irteera ere prestatu dituzte asteazken/ostegunetarako, gehienak inguruan, baina baita Salburuara irteera bat ere hilaren 14rako eta Uribarri Ganboarako beste bat, urriaren 21erako. Bi hauetan lekua erreserbatzeko 84374026 telefonora deitu behar da.
Baina aurtengo ikasturterako berrikuntza nagusi gisa, Bixi Bizi tailerrak ere egingo dituzte. Ekintza hauek Arizmendi Ikastolako GIKAIko ikasleek bideratuak izango dira eta saio bakoitzean alor desberdinak landuko dituzte, hala nola, indarra, malgutasuna, propiozepzioa… Saio hauek Ferixalekuan egingo dira, lehenengoa urriaren 22an, goizeko 10:00etatik 11:00etara.




