Sarek zenbait ekintza antolatu ditu asteburuan zehar

0
648

Sareko kideek ekitaldi asko antolatu dituzte asteburu honetan eta herritar asko bildu dituzte herriko hainbat tokitan.

Sare-ren testua:

Asteburu honetan, Hego Euskal Herriko herri eta auzoetan ehundaka mobilizazio antolatu ditugu Izan Bidea dinamikaren baitan. Ahalik eta herritar gehienen parte-hartzea bilatu dugu, dinamika bera zabaldu eta hedatzeko asmoz. Pasa den maiatzean aurkeztu genuen dinamika honen baitan milaka gara urratsak ematen hasi garen herritarrak, preso eta iheslarien etxerako bidea egiteko urratsak emanez, elkarbizitza eta bakea eraiki ahal izateko urratsak emanez.

Abestiak dioen moduan, “bide zuzena ez da beti motzena”. Horretaz zertxobait badakigu. Baina horrek ez gaitu sekula etxean gerarazi. Badakigu bidea ez dela egun batetik bestera egiten, urratsez urrats baizik. Eta horretan gaude.

Hilabete guzti hauetan, pandemia-egoera zail honetan egonda ere, aktibo egon gara; lehenik konfnatuak izan garen egunetan, gure etxeetatik aldarria zabalduz; ondoren, kalean segurtasun distantziak errespetatuz, baina ezinbestekoa den aldarria behin eta berriro zabalduz. Hala egin dugu gaur ere. Egoera zaila izan arren eta, guztion segurtasuna dela -eta, arduraz jokatzea dagokigun arren, salbuespenezko espetxepolitika amaitzearen beharra kalean aldarrikatu dugu.

Izan ere, espetxeetako egoerak ere okerrera egin du Covid-19aren ondorioz, eta bai preso direnei, bai bisitara doazen senideei egoera zaildu du. Ezin dugu errealitatea hori ahantzi ezta alboratu ere. Horregatik batu gara gaur ere, guztion artean bidea egiteko, guztion artean oinarrizkoak, urgentziazkoak eta beharrezkoak diren pausuak eman daitezen;

∙ ​Larriki gaixo diren presoen kaleratzea. ∙ ​Urrunketa politikari amaiera ematea.

∙ ​Gradu-progresioa aplikatzea, hari esker presoek euren etxeratze-prozesua abitu ahal izango baitute.
∙ ​Zigorrak batzea.

∙ ​Bakartuak diren emakume presoak elkartzea.
∙ ​Finean, salbuespen legedia bertan behera laga eta lege arrunta ezartzea.

Azken hilabeteetan behin eta berriro esan dugu une historiko baten aurrean aurkitzen garela. Batetik, EH mailan salbuespen legedia bertan behera geratzeko lortutako adostasun eta akordioek gehiengo politiko, instituzional, sindikal eta soziala batzen dutelako. Bestetik, bai Madrilen eta baita Parisen ere espetxe-politika aldatzeko borondatea agertu dutelako lehenengo aldiz, nahiz eta eman diren urratsak, arnas-gune izanda ere, nahikoa ez izan. Aukera probestu beharrean gaude. Eta badakigu, guk bultzatu ezean, errealitate hau guk mahaigaineratu ezean, haizeak astintzen ez duen bandera modura, trapu bilakatuko dela.

Bultzada horretan gaude. Ehundaka herri eta milaka herritar mugimenduan gabiltza asteburu honetan ere. Urratsez urrats, kilometroz kilometro, bidea gara eta bidean gaude! Eta bide berean jarraituko dugu urtarrilaren 9an ere.

Aurtengo egoerak Bilbon elkartzea ezinezko bilakatu duen arren, berebiziko garrantzia du urtarrilean batzen garen dozenaka mila pertsona horiek guztiak kalera irtetean, urtez urte luzatzen dugun konponbidearen aldeko mezua indar berberaz luzatzeko. Horregatik,

herriz herri arratsaldeko 17.30etan elkartuko gara, Bilbon egin ohi dugun moduan, urteko mobilizazio garrantzitsu eta jendetsuena izaten den hori, aurtengoan ere hala izan dadin.

Arrasateko Saretik azken urteotako mobilizaziorik jendetsuena burutu nahi genuke herrian eta horretarako dei berezia egiten dizuegu arrasatearroi. Guk bakarrik ezin dugu, zuen laguntza eta bultzadaz soilik izango da posible urtarrilaren 9an herriko kaleak betetzea, konponbidea, elkarbizitza, bakea, preso eta iheslarien etxeratzea lortzeko danon beharra dugulako.

Milaka dira elkarbizitzatik, konponbidetik, baketik urruntzen gaituzten kilometroak, Euskal Herritik Puerto IIIko espetxera edo Venezuelako deportaziorainoko milaka kilometroak hain zuzen ere. Guztion artean, etxerako bidean, burutu behar ditugu kilometro guzti horiek, beraien etxeratzea zein askatasuna guztion askatasunaren bidean pauso erraldoia delako, bakea, elkarbizitza eta konponbidea erdiesteko ezinbesteko pausoa delako.

Amaitzeko, 29 urte luze preso igaro ondoren astelehenean gure herrikide Josu Arkauz gure artean izango dugu eta zinez pozten gara. Elkarbizitza, bakea eta konponbidean aurrerapausoa delako.

Urte luze hauetan muturreko egoeran izan dute frantziar eta espainiar estatuetako espetxeetan preso. Urrunduta azken egunera arte, ez dizkiote zigorrak batu, espetxe urteak bidegabeki luzatuaz.

Holako egoerak behingoz amaitu daitezen, biziarteko zigorra bertan behera gelditu dadin, lanean, kalean, borrokan jarraituko dugu.

Besarkada estu-estua etxekoei, lagunei, Josuri, zuen poztasunarekin bat egiten dugu.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen