Sarek, urruntze politikarekin amaitzeko, PSOE eta Unidas Podemosi gutuna eman die

0
608

Azken Ostirala ibiltaria izan zen atzokoan, eta Arrasateko Sarek ibilbidean Arrasateko PSOEri eta Unidas Podemosi gutun bana utzi zien. Presoen baldintzak Covid-arekin okerrera egin dutela azaldu du, “egoera normaltzen ari denaren sinesmena” ukatuz. Gutunak ondorengoa dio:

Arrasaten, 2020ko urriaren 30a.

Arratsalde on,

Gaurkoan Arrasateko PSOE eta Unidas-Podemos alderdietako kide zaretenoi gutun hau ekartzera hurbildu gara, Espainiako gobernuko erabakietan zuen alderdiek duten erantzukizun zuzenagatik.

Gutun honen helburua , Madrilgo Gobernuari espetxe politika krudel hau aldatu dezan eskatzea da.
Euskal instituzio, alderdi politiko eta erakunde sozial zein sindikalek Euskal Herrian lortutako akordio zabalak kontuan hartuz, tartean zuen alderdikideek akordio hauei emandako babesa.

Gu gaur hemen eskatzen ari garena ez da inongo pribilegiorik ematea. Salbuespeneko espetxe politika bertan behera gera dadin eskatzen ari gara, euskal presoei lege arrunta ezartzeko eskatzen dugu. Ezohiko erregimen hau baita euskal presoen kopuru handi bati bizi osorako zigor kamuflatuak ezartzea ahalbidetzen dabilena.

Eta bai, onartzen dugu eman direla hainbat urrats txiki, hainbat presoren lekualdatzeekin, baina uko egiten diogu egoera normaltzen ari denaren sinesmenari. Urruntze politikarekin amaitzea, euskal presoak Euskal Herrira ekartzean oinarritzen baita, eta ez, oraindik ere Euskal Herritik 300kmtara dauden espetxeetara lekualdatzean.

Horregatik, ausardia eskatzen dugu. Hitzak ekintza izatera igaro daitezen eskatzen dugu.
Gobernukide zareten Gobernu presidenteak 2018ko ekainean espetxe politika antiterroristarekin amaitu eta legedi arruntean oinarritutako espetxe politika ezartzeko agertutako konpromisoa praktikara eramateko ordua da, erdibidekorik gabe.

Eta noski, badakigu, senide askorentzat lasaitasuna dakarrela Algeciras, Caceres edo Sevillaraino joan beharrean, Estremera edo Topasera joateak, baina hau ez da urruntze politikarekin amaitzea, hau ez da mendeko politikarekin amaitzea, ezta legea betetzea ere.

Egoera hau, orain, are larriagoa da bizi dugun pandemia hau dela eta. Izan ere, gugan eragina duen moduan, era zuzenean eragiten die ere espetxean diren pertsonei. Espetxean ez baita distantzia sozialerako aukerarik ez eta osasun segurtasunik, kanpo komunikazioak murriztuak izan baitira, bis a bisak etenak, 90 haur daudelako gurasoak espetxean dituztenak eta horietako askok sei hilabete baino gehiago daramatzate euren ama, aita edo biak besarkatu ezinik.

Beste egun bat gehiago, beste aste bat, beste hilabete bat, beste urte bat… honela, milaka bidaia egun gehituz eta kristalak banatutako harremanak, senitartekoen egonezinak, kezkak, esfortzu ekonomiko izugarriak eta sufrimendua barruan zein kanpoan dagoenarentzat. Guzti hau, giza eskubideen oinarriarekin eta legearekin talkan den espetxe politika ezohiko honen ondorioz. Mendeku honek amaitu behar du. Gaur aldarrikatzen gabiltzan konponbide erreal hori, biktima guztiekiko errespetuan oinarritua eta espetxeetako auziari aterabidea emanez baino ezingo da ahalbidetu.

Euskal jendartearen gehiengo nagusiak konfrontazio etapak garaitzeko unea dela uste du. Aurrera begiratzeko unea dela. Ahanzturarik gabe, baina gorrotorik gabe. Horixe baita aurrera egiteko modu bakarra.

Eskaera hau Madrilera eramango duzuelakoan agurtzen gara,

ARRASATEKO SARE

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen