Sarek hiru ekitaldirako deia zabaldu du

0
562

Testua: Sare

Elkarbizitzarako. Bakera. Etxerako BIDEAN. Preso, iheslari eta deportatuak etxera”.

Hiru ekimen garrantzitsurako deia egitea nahi dugu:

Abenduaren 30ean, 19:00etan eta Bergarako Seminarixoko karpan bertso saioa antolatu dugu, bertan Amets Arzallus, Nerea Ibartzabal, Uxue Alberdi eta Sustrai Colinak arituko dira Maite Berriozabal gai jartzailearen gidaritzapean. Sarrerak hartu Pol-Pol eta Arranon edo Seminarixoan egunean bertan.

Abenduaren 31an, urteko azken ostirala izanik eta hilero antolatzen ditugun azken ostiralen ildoa jarraipena emanaz, Arrasaten ekitaldia egongo dugu, 18:30ean Herriko plazan. Bertan Lemak taldea, bertsoak eta hitz hartzea egingo dira.

Eta, azkenik, pozik jakinarazten dizuegu urtarrilaren 8an, Bilbora itzuliko garela, eta Euskal Herrian egiten den manifestaziorik jendetsu eta zabalena 17:00etan abiatuko dela La Casilla plazatik.

Bergaratik autobusak egongo dira, 15:15ean irtengo dira Torrekuako autobus geltokitik, izena emateko zerrendak Pol-Pol eta Arranon egongo dira.

Aurten, milaka eta milaka pertsona biltzea espero dugu “Elkarbizitzarako. Bakerako. Etxerako BIDEAN” lemapean. Lelo honekin adierazi nahi duguna zera da; bizikidetzarako eta bakerako bidea egiten ari garela, etxerako bidea egiten ari garela.

Hala egiten ari garela uste dugulako. Argi dugulako orain arte eman ditugun urrats guztiak beste pausu bat direla bide horretan. Bizikidetza ezinezkoa delako euskal presoei aplikatzen zaien salbuespen-legeriak eragindako eskubide-urraketa desagertzen ez bada. Eta, etxerako bidea egiteko, espetxe-politikan hain beharrezkoa den erabateko aldaketa sustatzeko, funtsezkoa delako bizikidetzaren eta bakearen bidean aurrera egitea. Biak ala biak, elkarlotuta doaz.

Elkarrekin gaude bide horretan aurrera egin nahi dugun guztiak, sufrimendua desagerrarazi nahi dugun guztiak, eskubideen urraketa behin betiko amaitzea nahi dugun guztiak, eta konfrontazioaren aroa atzean utzi nahi dugun guztiak. Elkarrekin egiten ez badugu, bakoitzak bere aletxoa jarrita, erantzukizunez eta errespetuz, eta, batez ere, aurrera egiteko gogoa argi adierazita, ezinezkoa izango baita.

Saretik behin baino gehiagotan esan dugu positiboki baloratzen dituela azken urte honetan egin diren aurrera urratsak. Izan diren, presoen hurbilketak, dudarik gabe, senideen zama arintzea ekarri du presoak bisitatzeko distantzia luzeak murriztean, baina ez dezagun ahaztu gaur egun 104 preso daudela oraindik ere EHtik urrun, eta honela haien eta haien familien eskubideak urratzen dituztela. Ez dezagun ahaztu, ezta ere, % 94k bigarren graduan jarraitzen duela, eta 10 baino ez direla hirugarren graduan dauden presoak, egoera horretan 70 preso egon beharko liratekeenean, eta horietatik 52k eskubidea dute jada baldintzapeko askatasunean egoteko. Preso horien % 90ek espetxe-baimenak izateko aukera izan beharko luke, horretarako zigorraren dagokien zatia beteta dutelako.

Guzti horri, justiziaren jarrera politikoa eta ideologizatua batzen zaio. Espetxeetako Juntatik gradu-progresioren bat edo espetxe-baimenen bat lortzen dutenean, ANk errekurritu, blokeatu eta geldiarazi egiten ditu erabaki horiek.

Atzeraeraginezko kasuak ere gertatzen hasiak dira: hirugarren gradura igarotako presoak, horri esker kalean baldintzekin direnak, espetxera eta bigarren gradura itzultzera behartuaz.

Hauek adibide batzuk baino ez dira. Horregatik, dei egiten diogu herritar orori urtarrilaren 8an, 17: 00etan, la Casillatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera.

Mobilizazio hori alderdi politikoekin, sindikatuekin, elkarteekin eta erakundeekin batera egin nahi dugu. Denok batera, elkartuta egin ezean ez dugulako lortuko. Jarrai dezagun bidean. Orain da unea.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen